Zergatik data hori? Hasieran zenbaki erabatekoago bat aukeratuta nuen, 2030, hamarkada osoa biltzeko, baina gero, askotan ematen zaigun aholkuari jarraiki, nire NAN hartu dut ea zer jar-tzen duen begiratzeko, eta ikusi iraungitze data ("iraunaldia" ipintzen du bertan) horixe dela, horixe dela nire infinituaren muga, eta pentsatu dut Espainiako Erresumak kontsideratzen badu egun hori iritsi bitartean bizirik egongo naizela, ea nor naizen ni eztabaidetan hasteko.

Horrek, azkenean, ez du axolariak. EAJk irabaziko du, jende guztiak hori nahi duelako. Are gehiago, EAJri botoa ematen ez diotenek ere horixe nahi dute. Ez naiz iruzurrez hitz egiten ari (oso kontu zaharkitua da) eta, bai, hautesle askok beste alderdiak aukeratu dituzte. Baina zerbait dago airean (EAEko airean), ezin azalduzko zerbait, psikoanalisi sakonena beharko lukeena argitzen hasteko, edo hipnosia edo teoria askoz esoterikoago bat, gogoen substantzia-aldeketa ia teologikoa, esate baterako, nik zer dakit, zientzia (sic) politiko arrunta hankamotz gelditzen baita. Ez diote EAJri botoa ematen, ez, baina arrekontuak direla, kogobernantza dela (totem berria), oposizio arduratsua dela, nazio eraikuntza dela, nik zer dakit, hor segituko du Urkulluk infinituraino eta harantzago.