IRU lagun estimatu ditut zaharren egoitzetan lanean. Hirurak dira samurtasun eta balio handiko pertsonak, hirurek maite dute euren lana, hirurak ari dira erabat indar-husten. Bata eguneko zentro batean aritzen da eskuarki. Pandemiak bortxaturik, beste egoitza batean ere laguntzen ari da orain. Bigarren horretako aitona-amonak ezezagunak zituen orain arte. Ezezagunen konfiantza pixkanaka irabazi behar izaten da. Oraingoan, ordea, izuak jota, egoera normaletan ez bezala bilatzen dute bere begirada, arreta. Isolaturik, bisitarik jasotzeko aukerarik gabe, xomorroaren biktima izateko duten arriskuaren jakitun, arnasa behar dute.

Hiru lagunetako bigarrena leher eginda dago. Ohikoa baino askoz lan handiagoa eskatzen dio pandemiaren kudeaketak, sekula ez bezalako presioaren pean dihardu. Halere, pozik daude, oraindik ez baita inor kutsatu euren egoitzan, ez langilerik eta ez egoiliarrik.

Hirugarren lagunari deitzen ere ez gara ausartzen. Xomorroa indar betean sartu zi-tzaien, hainbesteko profesionaltasun eta goxotasunez zaindu dituzten aitona-amonak hiltzen ari zaizkie. Ahal duten dena eta gehiago egiten ari dira, baina ezin dute egoera kontrolatu. Taupaka ari den bihotz baten emotikonoa bidaltzen diogu noizik eta behin, gure hatsa eta indarra hel dakizkion. Check bikoitz urdina agertzen zaigu, baina ez dakigu ezer iristen zaion.

Gure hiru lagun miretsien kontrapuntu, beste pertsona bat agertzen zait begiak zabalik ditudaneko amesgaiztoetan. Tar? As? jaunak, Japoniako finantza ministroak, barkamena eskatu zuen 2013an esandako hitz hauengatik: "Zaharrek lehenbailehen hil behar lukete, estatuak euren arreta medikoa ordaindu beharrik izan ez dezan". As?k 79 urte ditu, laster beharko du zaintza. Esanak esan eta zamak zama, gure hiru zaintzaileen modukoren batek artatua izan dadin opa diot.