Bestetik, jasanezina egiten zait telebistan militarren presentzia. Zergatik agertu behar dira Espainiako militarrak arazo sanitarioari buruzko datu zehatzak partekatzeko prentsaurrekoetan? El rey de España es el primer soldado,€ sin novedad en el frente,€. eta horrelako asta-kirtenkeriak bota-tzeko? Osasun saileko arduradunak ez dira horretan adituak? Zer adierazi nahi dute militarren presentziarekin? Kontrolpean gauzkatela?

Hau ez da gerra bat, geu ez gara soldaduak, ez eta militarrak ere, eta ez gaude lubaki batean. Hau gaixoaldi izugarria da, eta ospitaletako medikuak eta langileak dira benetako protagonistak, eta gutako bakoitzak lagundu behar du. Zer egiten du ejertzitoak makina bat eskualdetan kokaturik? Desinfekzio lanak? Zergatik ez da horretarako kualifikatuago den pertsonal humanitario bat osatzen, lan berezi hori egin ahal izateko? Ejertzitoa ere populuaren salbatzailea dela esateko? Gastu militar exajeratu eta lotsagarria berriz bermatzeko, eta ikerkuntzan eta osasungintzan hain beharrekoak diren sosak (kendu zituztenak) armagintzan gastatu behar direla esateko? Osasun publikoa da gaixotasunetik defenditzen gaituena, ez militarrak.

Hasierako egunetatik bizilagunengan ezarri zaigun kontrola ez da batere onargarria. Sareetan argia ikusi duten polizien jokabide batzuk ere onartezinak dira. Horiek biztanleria jagoteko eta laguntzeko daude, ez kriminalizatzeko. Pandemia hau benetan nolakoak garen azaleratzen ari da. Ez dezagun ahantz.