Pili Kaltzadak klase ertainaren birusa deitu dio Covit-19ari iradokiz klase ertainekoez beherakoei birusak eragindakoa haien bizi baldintza kaskarretan beste erantsi bat baino ez dela. Eta konforme nago, esan digute birusak ez duela mugez ulertzen, baina, ulertzen ulertzen du: Espainiako estatuaren mugak itxi ditu, eta ez Madrilgoak, edo Gasteizkoak; ez da gauza bera terraza izatea edo leiho guztiak barne patio batera ematea; ez eta lehendik kolokako langilea izatea ezen ni bezala funtzionario. Birus honek lehendik zeuden "mugak" azaleratu ditu.

Kontingentzia, gure bizitza zaurgarria dela eta milaka faktoreen menpe dagoela barneraturik izatea, desagertua uste genuen, baina birus ziztrin baten moduan agertu zaigu eta, esan beharrik ez dago, bazterretan, kontingentzia, kontingentziago da; erreparatu presoei, Lesboseko errefuxiatuei, etorkinei, langabeei, Inditexi arropa josten dioten langile bangladeshtarrei, Zarako saltzaileei, kalean bizi direnei, jonkiei, kamareroei... Hainbatek dio pandemia etorri badatorkigun kolapsoaren entsegua dela, eta aldatu beharra dagoela, bestela giza espezieak ez duela etorkizunik, hauxe dela kapitalismoaz bestelako antolaketa bat pentsatzeko parada; pentsatu esan dut, eta ez gauzatu, gauzatzea, oraingotik sistema ekonomiko eta gizarte berri batera pasatzea, ez baita izango kontu xamurra.

Gu harrapatu gaitu birusak. Eta tropikoetan ugaltzeko gai ez denez, Iparralde Globala deitzen den gu horrek, sistemaren etekinak gehien balia-tzen dituen gu horrek parada hau baliatu beharko luke datorren hondamendiari alternatibaren bat bilatzeko. Nola bihurtu txaloen indarra indar eraldatzaile, ordea? Hortxe koxka. Hamabost egun aurretik dabiltzanei, Txinari, alegia, erreparatuta, erkin ageri da esperantza.