Jada antzinako bihurtu zaizkigun laurogeita hamar hamarkadan Modernitatea eta Posmodernitatea bereizten hasi ginen, eta geure buruei galdetzen genien zer ote zen arkitekturan hasi eta Thomas Pynchon arte hedatzen zen definizio hura. Aurrerabiderik gabeko modernitatea zela esan ziguten eta zentzu horretan berritasunak lilura galdurik, bata bestearen atzetik itzultzen ziren moda zein mugimendu artistikoak, ohitura zein ideiak, denak batera, pastichean, Historia aurrera bultzatuko lukeen kontakizun handirik gabe; hortxe bukatu ziren, beraz, Iraultza, Langileria, Humanitatea bezalako hitzak.

Zentzu horretan beste garai ba-tzuetatik itzultzen dena ez da itzultzen izan zen moduan, baizik eta kapitalismoak erantsitako plus batez horniturik, saltzeko balio duen plus bat; vintage moduan itzultzen da. Eta itzuli gauza asko itzuli dira: biniloak, esaterako, CDak arbuiaturik "bereziago" egiten dituen entzule hipsterren gozamenerako; itzuli dira lehenagoko jantziak, ez ordea bigarren eskuko arroparekin janzteak ekologiari mesede egingo diolakoan, baizik eta erosle horien ñabardura estetikoa erakusteko; itzultzen ari da interneteko deskonexioa, baina, berriz ere, ez irentsi gaituen sarearengandik askatzeak bestelako bizimodu bat sor dezakeelako, baizik eta saretik askatu nahi duten horiek modakoago egiteko; itzuli da laurogei hamarkada, Mini autoa, kazadora eta alkandora bakeroak, esperientziaren poesia, arte kontzeptuala, figuratibismoa, pintura abstraktua, kardatuak, eta itzuli da, keinu vintage zoragarrian, Carlos Iturgaitz.

Carlos Iturgaitz Europako Parlamentuaren izozkailuan izan ondoren EAEko politikaren oholtzara itzuli da ez ETAren zigor moduan, ez Espainia handiaren mezulari moduan, ez gizartea astindu eta eskuinaren nagusitasuna aldarrikatzera datorren profeta moduan, ez; Carlos Iturgaitz itzuli da kalentadoreak itzuliko diren moduan, beste garai batzuetako fetitxe moduan. Berdin da ETA bukatu bazen, berdin da garai hauek ez badira joan zeneko garaiak, Carlos Iturgaitz itzuli da. Hau bai dela Historiaren bukaera!