ERRESPETO falta dela esango du baten batek Txapas deitzea, neronek erabat kontrakoa uste dudan arren. Elorrion sortua zela uste dut baina mungiar peto petoa edozein zen-tzutan apaizgo bizitza osoa bertan eman zuelako eta haren garaiko beste dozenerdi kide batera baino herri xehean txertatuago zegoelako. Anekdota hutsa izan arren, Don Jose Maria izan zen akolito edo monagillo 'eskola' abian jarri zuena zenbat eta ume gehiagok meza laguntzen ikasi ezkero, lan hori edozeineri eskatzeko aukera zuelako. Niri gutxiegi eman zidan azterketan baina hori beste kontu bat da.

Ez dut zalantzarik herrian zeuden abadeen artean umilena eta emankorra izateak haren jakinduria, ekimena eta lanerako gaitasunari fitxik kentzen ziotenik eta 70 urte geroago herri mailan abian jarri zituan bi jarduera (behintzat) indarrean tinko jarraitzen dutela egi borobila da. Batetik Danok Bat pilota elkartea eta gaur dagokidan Mungiako Orfeoia bestetik, aranismoaren eraginak Abesbatza dei-tzera eraman arren eta izen propioa, ondo merezia, eragile harena; Jose Maria Arregi, hain zuzen.

Azken bariku ilundi honetan, Pau Casal-en O Vos Omnes eta, jarraian, Andrew Lloid-en Memori-k Begoñako basilikaren espazioa soinu ederrez erabat bete zutenean oilo ipurdi eta besoetako ileak tente jarri ez zizkigutenik inor gutxik esango du. Kanta horien edertasunetik harago berrogeitazak andra gizon mungiarren koordinazio eta indarrak ikus entzule geunden 700dik gora unkitu gintuen, haien jarraitzale garenok ere azken garaietan eta zuzendari andre berria dutenetik kalitatez gora egin duenarekin liluratuta geratu ginelako. Sorpresa bat ere eman ziguten, Mundakako orfeoiarekin batera korura igo eta, organo eta txistularien laguntzaz, Jon Artetxe Gernikako konpositorearen aginduetara San Pedro Zeruetako ederra eskaini ziguten, entzule guztiok zutik jarri eta txalotu genuena. Aitzakiaren bat bilatu behar eta kantari batzuk kexu ziran taldea adinean gora doala eta. Ardo ona bezala adinean mejoratuz, edozein kasutan. Bejondeizuela! Zorionak Jose Mari Arregi Orfeioa!