Zirrikituetatik begira

Eskerrik asko

25.01.2020 | 06:21

AURREKO astean Pin Parentalaren eztabaida sortu zenean, hartaz ez idaztea erabaki nuen, eta, horrela, PPko kargu LGTBaren erantzun eza salatu eta erraz larrutu ahal izango nituen zutabe honetan; baina, ez, nire usteak ustel suertatu dira. Oso ustel.

Eskerrak eman nahi dizkiet, beraz, nire usteez bestela portatu direlako. Eskerrik asko Javier Maroto, Iñaki Oyarzabal, Cuca Gamarra eta, oro har, PPko kargu LGTB guztiei eskola publikoaren aniztasun eta berdintasunaren alde egiteagatik.

Javier Marotok El Mundo-n argitaraturiko artikuluan bete-betean heldu zion gaiari: bere bizitza pertsonala militantzia LGBTarekin txirikordatuz ederki erakusten zituen Espainiako Erresuman emandako aurrera pausuak eta hori lortzeko ibili behar izan den bide malkar-tsua. Bereziki gustatu zitzaidan bigarren paragrafoan euskalduntasuna eta gaitasunaren arteko analogia, zeinak balio izan baitzion egokiro Habermasen Abertzaletasun Konstituzionala eta Foucault harira egokiro ekartzeko. Gora Maroto!

Iñaki Oyarzabalek ere harritu ninduen Egunon Euskadi magazinean egindako adierazpenekin: ume guztiek inguratzen dituen gizartea konprenitu eta balore demokratikoekin hezteko eskubidea dutenez, estatuak eskubide hori bermatzeko betebeharra duela baieztatu zuen irmo. Iban Garatek seme-alabak norenak diren galdetu zionean, Oyarzabalek polemika horren an-tzua eta aldrebesa azpimarratu zion aurkezleari modu finean. Biba zu Oyarzabal!

Eta entzun-irakurri dudan azkena, eta esan beharra dago, hoberena, Cuca Gamarraren La Razon-eko artikulua izan da. Logroñoko alkate ohi eta orain PPko barne arduradunak irmo eusten zion eskola publikoak berdintasunean hezteko duen betebeharrari. Lesbianek historian zehar izan duten ikusgarritasun eskasa aletu ondoren gogor kritikatu zituen Vox-en planteamenduak eta matxirulo batzuk zirela argudiatzen zuen, emakume lesbiar baten ikuspegitik haien jarrerak irrigarri eta erridikulu direla salatuz. Aurrean izango dituela azpimarratuz bukatzen zuen artikulua, Gerra Zibileko "No pasarán!" leloarekin artikulua itxita.

Horrelako politikariekin LGBT jendeok salbu gaude, salbu gaudenez. Eskerrik asko, zinez.