GABONETAN beti heltzen zen Mirariren postala, amarentzat. Haurtzaroko laguna, Gabonetan beti idazten zion, zorionak emateko, berari eta bide batez familia guztiari. Ez zegoen Gabonik Mirariren postalik gabe. Ez zuten elkar ikusten ia urte osoan. Udan egoten ziren elkarrekin, ama Lekeitiora itzultzen zenean, bere jaioterrira, euren haurtzaroko eta gazte garaiko dekoratura. Orduan bakarrik ikusten zuten elkar, baina Mirarik ez zuen inoiz ahaztu postala idaztea abendua iristen zenean.

Gure eguneroko bizitzaren parte ez izan arren, hor daudela senti-tzen dugun eta nolabait lagun-tzen gaituzten pertsona horien adibidea da. Zerbait garrantzi-tsua gertatzen bazaigu, ona edo txarra, haiei kontatzeko beharra sentitzen dugu, jakin badakigulako interesatuko zaiela. Egunero ikusten ez ditugun arren, nolabait gure aliatuak dira, gure bizi-tzaren testigu baita ere. Eta beti daude zer moduz gauden galde-tzeko prest.

Adibidez, oso gutxitan ikusten duzun baina noizbehinka deitzen dizun lagun hori. Duela gutxi deitu zizun azterketa azkenean egin zenuen edo ez jakiteko, inoiz kontatu zeniolako oposaketak egingo zenituela hilabete honetan. Edo beste hori: azkenekoz kalean topo egitean zure amari ebakuntza bat egin behar ziotela esan zenion eta gaur watxapa bidali dizu amaz galdezka. Edo auzokide hori, erroskilak egiten dituenean zure etxe aurrean agertzen dena beti plater batekin, badakielako asko gustatzen zaizkizula. Bide batez zuen bizitzen berri ematen diozue elkarri.

Garrantzitsua da pertsona horiek sentitzea, euren bizitzan zuk lekuren bat baduzula sentitzea, nahiz eta ia ez duzuen elkar ikusten. Benetan zuretzat pertsona hauek garrantzitsuak ote diren jakiteko modua, askotan, bizitzan garrantzizko zerbait gertatzen zaizunean, haiei jakinarazteko gogoa sentitzen duzun egiazta-tzea da. Hala bada, zure bizitzan garrantzitsuak dira, zurekin daudela sentitzen duzulako, hor, nonbaiten, noizean behin "zer moduz" dion mezu bat bidaltzen edo Eguberriak zoriontzeko postal bat idazten.