BALITZA egia ametsekin nahastea, behin eta berriro gehienoi gerta-tzen zaigun kontua dela erantsiko nuke, zalantzaren orduan, eta ahal den neurrian, suteko txingarra gureganatzen saiatuz gainera. Ongi gogoratzen dut eta hemerotekara ere jo dut 2016ko Espainiako hauteskunde ondoren gaur berton sinatu eta osatuko den Gobernuaz amestu, eta idatzi, nuen. Itxura guztien arabera horrela izango da, prentsa idatzian agertzeko bezperan idatzi behar denez balizko Gobernuaz jardun behar ba genuke ere. Gure demokraziaren historia laburrean, koalizioan osatutako lehen Gobernua izanen da, bide batez, urte askoan bizi izan dugun bipartidismoa delakoari amaia emanez. Duela hiru urte pasakoetan amets hori izan banuen, zer esanik ez aurtengo apiril eta azarokoetan. Haietan baino nabarmenago, noski. Hau idazterakoan, sinaduren ziurtasunik ez dugun arren, bai honetara iristeko kolore eta modu askotako jardun edota arazoak eta horietara noa.

Pantaila aurrean nagoen une honetan ere, ekinean dabiltza irratian, aurretik prentsa idatzian irakurritakoa areagotzen, nabarmenena uneko galtzaileen intsulto eta deskalifikazioak. Ez dut inoiz ulertuko beste inork baino gehiago demokrazia eta eskubideen legeak aipatuz gero, ezin duten onartu Ganbara pentsamolde ezberdinetako diputatuekin partekatzea. Ideologiatik harago edukazio gabezia azpimarrakatuko nuke jardun horietan.

Holakoetan, abstentzioari ematen zaion erabilerak nauka, bestalde, kezkatuta. Batetik, hurbiletik jo-tzen nauelako, EH Bilduren kasuan, baita, oro har, boz horiek erabakitzen dutelako presidente edo delakoaren izendatze hori. Uste bat baino ez da Bilduk bezala, Kanarioek, galegoek edo, garrantzi gehien eman dioten, ERC-koek Koalizio hori onartzen badute "gaitz erdi" bezala izan arren, berdin samar izan liteke BAI bat ematea, nahi adina zehaztasunez hornitua bada ere, abstentzioak ere holakorik ba duelako. Francokumeek jaso duten belarrondokoaz gain, estimatzen da Gobernu aurrerakoi bat dugula, ezkerrari esker.