De Miguel epaiketaren ebazpenean ez da nahikoa aztarnarik izan akusatuek enpresariengandik kontratu publikoak lortzearen truke jasotako komisioak partidua finantza-tzeko ote ziren ikertzeko ere, Ahostar Zelaietak %4 deitzen duen hori, baina hortik De Miguel auziko kondenatuak EAJn bidenabarrean zeudela iradokitzera jauzi handia dago.

EAJk denbora gehiegi darama boterean, eta hori ez da ona. Egia da diru publikoak kudeatzeko abilezia, kudeaketa, eta are dotorezia ere aitortu behar zaiela, baina botereak irautera jotzen du eta bezerokeria sortzera. Zenbat enpresa daude halako eta halakoren bikotekide, koinatu, anaia eta lagunen artean sortuak eta kudeatuak? Beraz, De Miguel, Otxandiano eta abarrak EAJko militantzia uztearekin partiduaren ardura etikoa, askotan aipatzen den hori, kitatua dagoela argudiatzeak indarra kentzen dio beste afera batzuetarako aldarrikatzen den etikari, egoki aldarrikatu gainera, Araba Buru Batzarreko jeltzale ohi horiek eajkide karguak baliatuta eskatzen baitzituzten komisioak, Eusko Jaurlaritzatik behin baino gehiagotan iradoki bezala hegoaldeagoko latitudetan bai baina hemen gerta-tzen ez zen zerbait. Bada, aizue, hemen, paradisuan, hemen ere bada ustelkeria, spanish style with a basque touch, Egibarrek De Migueli epaiketa aurretik emandako besarkada etsenplu.

Iñigo Urkulluk euskal gizarteari barkamena eskatzeak asko esaten du bere alde, baina nik horrelako ustelkeria kasuak salatzeko aldarria izan dut faltan, alegia, Ainhoa Alberdirendako goratzarre moduko bat, izan ere, hemen heroi bat baldin badago eraikuntza aholkularitzan lan egiten zuen abokatua baita. Non dago Ainhoa Alberdi? Eta egia ote da, Zelaietak iradoki bezala, omertá moduko hori hautsi duelako ez duela inoiz gehiago kontratu publikorik lortuko? Hala balitz, oso larria litzateke.

Keinuez harantz benetan ustelkeriaren kontra borrokatu nahi bada, Alberdi etsenplu aldarrikatu behar zuen lehendakariak, horrelakoak dakizkitenek salatzera konbidaturik.

Ai baina paradisuaren zati horretara oraindik ez gara ailegatu!