miresten dut norbere zorionaz harago doana; bere bizitza sortu edo aberastu dutenez ardura-tzeko gai dena; guraso, senide, seme-alaba edo biloben artaz kezkatzeko gauza dena; miresten dut ingurukoen bizia aberasten saiatzen den oro.

Gurasoek ernaldu gintuzten. Zaindu eta hezi ere bai gehienok. Gehien behar izan dugunean muxuak eta besarkadak eman dizkigute, munduan beste inor baino garrantzitsuagoak garela sentiarazi. Fardelak aldatu edo jaten ematea baino funts handiagoko gauzak egin dituzte gugatik. Eta egunen batean geuk aldatu beharko dizkiegu fardelak, geuk orraztu, geuk paseatu. Eta pentsatuko dugu ez garela ezer berezirik egiten ari, ez behintzat gizalegez dagokigunaz haragoko ezer. Eta egingo bagenu, gaitz erdi. Nola ez arduratu munduratu gintuztenez? Nola ez zaindu aitona-amonak? Nola ez itzuli eman zigutenaren zatitxo ñimiño bat? Nola ez maitatu neba-arrebak, seme-alabak, ilobak, gure odol bereko direnak? Asteon hil da Raihan. Sortze beretik osasun arazo handiak izan ditu. Marokoar jatorriko gurasoek aski lan bazuten egunerokotasunari aurre egiten, beste seme-alabak aurrera ateratzen. Haurra ospitalean egon den bitartean, beste hainbat zaintzaile izan ditu. Ez ziren haurraren guraso edo aitona-amona, ez osaba-izeba, ez urruneko ahaide; ez zuten lotura biologikorik; ez zekiten deus gaixorik zegoen haurraz eta haren zirkunstantziez. Gauza bakarra zekiten: laguntza behar zutela. Marianok, Anek, Maria Jesusek, Anttonek eta beste hainbatek egunak eta gauak igaro dituzte Raihanen ohe ondoan, koitaduari arnasa ematen, baina haren bizia ez zegoen boluntarioen borondatearen baitan. Haren bihotz eria pausatu da jada. Zaintzaile anonimoak behea jota geratu dira, arnasarik gabe. Denbora puska bat beharko dute errekuperatzeko hurrengo haur eriari berotasuna ematen hasi aurretik. Hauek dira benetan miresten ditudanak.