PREP: horrela deitzen zaio GIB birusaren kontrako botika bati, hiesaren sorburua den birusaren kontrako botika bati, alegia. PrEP ingelesezko akronimoa da Pre-exposure prophylaxis laburtzeko, esposizio aurreko profilaxia. Botika, izenak erakusten duen bezala, ez da kutsatu ondoren hartzekoa, birusarekin kontaktua izan baino lehenago har-tzekoa baizik, baina ez da txertoa. Hiesa prebenitzeko beste modu bat da, laburbilduz. Orain dela hilabete inguru, Espainiako osasun sistemak onartu eta gero, Osakidetza EAEn eta Osasunbidea Nafarroan (autonomiak zabalak dira) hasi dira botikak banatzen hainbat baldintza bete-tzen dituzten lagunei. Iparraldean, hau da, Frantzian, 2016. urtean hasi ziren PrEParekin; kalkuluen arabera gaur egun 20.000 lagun dago PrEPa hartzen Frantzia osoan.

PrEPa (akronimoa jende guztiak erabiltzen du batzuek ezikusiarena egiten badute ere) ez dago mundu osoan onartuta, herrialde bakoitzaren arabera doa kontua, eta, jakina, ez dago osasun sistema publiko guztietan integraturik. Gaurko munduan hori ez da arazoa: dirua duenak interneten bidez lor dezake nahi duen PrEP guztia norberaren herrian legezkoa izan ala ez. Esaten dutenez, hori izan da osasun sistema publikoan sartzeko arrazoietako bat: batzuek PrEP hartzen zuten dagoeneko kontrol mediku handirik gabe.

Botika onartzean, albisteak ez zuen leku gehiegirik izan, eta hiesaren kontrako egunean ere oharkabean pasa da PrEParena nire harridurarako. Orain batzuk botika eskatzera familia-medikuarenera joan direnean, horixe baita lehen pausoa, hasi dira komeriak zenbait tokitan: homosexualak beti berdin, kondoiarekin ez duzu nahikorik? Sakoneko homofobia.

Batzuek azpimarratu dute PrEPa doan lortzearen eta kondoiak doan ez izatearen arteko kontraesana, baina botika nahi duenak oztopo karrera du aurretik. Beste batzuek azpimarratu dute PrEPa hartzen bada ere, gonorreaz edo sifiliaz kutsatzeko arriskuak hor segitzen duela (baita potrozorriak hartzekoa ere) eta onena kondoia dela, edo hemen (EAEn?) “ez dugula hainbeste populazio sexua izateko arrisku planteamendu horietan”. Benetan? Eskerrak Iparraldea hor dugula. PrEP, ongi etorri.