GAUR bezalako abenduaren 10 batean, 1948. urtean, berretsi zen Paris-en oraindik indarrean dagoen Nazioarteko Giza Eskubideen Adierazpena. Berretsi diot, Nazio Batuen Erakundearen (ONU) Asanbladak, hiru urte aurretik (1945.06.26) AEBko San Francisco-n sinatu zuten izen bereko gutunak zekarren 30 artikuluren edukia onartu eta berrizenpetu zutelako. Duen edo behar lukeen garrantziagatik, urteurren honek, aipamen bat baino gehixeago merezi du eta zer esanik ez, GGEE horiek bete-tzen ez diren neurriak, zentzudun milaka kritika. Deklarazioaren aurrekari batzuk gogoratuz, 1789an Frantziako Iraultzarekin batera, “Gizona eta Hiritarren Eskubideak” izenarekin argitaratu zen dokumentuak egungo Deklarazioarekin zerikusi nabarmena du. Gerora, ja XX. Mendean (1926. urtean) esklabotzaren debekatzea ere ildo beretik idatzi edo deklaratu zen. Izen generiko eta nazio artekoan “Gizarte Harremanen Etika” izenez ezagutu zena. Gero, atal berezi lez, Umeen Eskubideak ere sinatu zituzten eta pittean pittean erabiltzen dira aldarriak egiteko.

Aitzakia bezala bada ere, aipatu Deklarazioa jakinarazpen edo orientazioa dela azpimarratzen dute, Karta edo nazioen arteko paktuak derrigor bete beharrekoak diren arren. Harreman horiei garrantzia ematen dien arren GGEEn funtsa gizakia, hiritarra agintari edo beste edozein botereren neurriz landako indarraren aurrean defenditzeko behar lukete eta arestian aipatutako kalifikatiboak eta intentzioak bide horietatik doaz. Urteurrena gogoratzea ez ezik, ospatzea duinetik harago doa ziurrenik, baina ezin aipatu gabe utzi izenpetzeak errazagoak direla sinatzen dena kunplitzea baino; egunotan Madrilen klima aldaketaren azterketa egin nahian bildu diren ehunka edo milaka batzuei esan dieten bezala. Ez dagoelako zirrikitu honetan ez egunkari osoan tokirik, inora begiratu gabe, gogoan ditugunak soilik esanaz munduan zehar Giza Eskubide horien 30 artikuluen kontra egunero egiten diren milioika astakirtenkeria guztiak sartzeko. Egia esan, ez dakit nondik hasi ere.