BURUTIK jota” dagoen jendea interesatzen zait. Ez dut esan nahi burua guztiz joanda duen jendea denik niretzat interesgarriena, baina erakargarri egiten zaizkit eromen puntu bat dutenak, buruari noizbehinka aske hegan egitea uzten diotenak, halako batean espero ez den erreakzio bat dutenak, noizean behin arau sozialak apurtzen dituztenak, bizitzaren arazoen aurrean batzuetan negar egin ordez barre egiten dutenak, neguko eguzkiak eguerdian jotzen duenean kaleko banku batean eguzkia hartzera etzan egiteko lotsarik ez dutenak?

Eromenik gabe ez legoke, adibidez, maitemintzerik. Maitasunean beti dago eromen pixka bat. Buruarekin bakarrik funtzionatuko bagenu ez ginatekeen inoiz maiteminduko, ez genuke inoiz erokeriarik egingo maitasunagatik. Eta berrikuntzan ere, beharrezkoa da eromena. Erotzat jo dituzte beti asmatzaileak eta euren garaien aurretik joan diren guztiak. Ezarritako mugak gainditu behar dira askotan mundu eta bide berriak aurkitzeko, eta horretarako pentsatzeko askatasuna eman behar zaio buruari. Artistak ditut buruan, adibidez. Zenbat sormen artistiko ahalbidetu dituen erokeriak, zenbat ate zabaldu dituen?

Gustatzen zaizkit “burutik jota” daudenak euren buruei baimena ematen dietelako baita ere dena serio ez hartzen. Beti benetan ez bizitzen. Frida Kahloren aipua: “Pertsona onenak gaizki daude burutik eta ondo bihotzetik”. Ba horixe nahi dut neuk ere nire inguruan. Bihotz onak eta buru askeak, malguak, batzuetan gizarteak exijitzen digun oreka eta seriotasuna galtzen dutenak. Euren buruei barre egiteko jarrera dutenak.

Edgar Alan Poeren esaldia da: “Gizakiek ero deitu naute, baina oraindik ez dago zehaztuta eromena adimenik bikainena den ala ez, sakona den guztia pentsamenduaren gaixotasunetik sortzen ez bada, pentsamendu orokorretik aske. Egunez amets egiten dutenek gauez amets egiten dutenei ihes egiten dieten gauza asko ezagutzen dituzte”.

Gauza asko galtzen ditugu, bai, geure buruari noizbehinka “joaten” ez uzteagatik.