ASTELEHEN buru zuria kontzeptua sarri baino gehiago erabiltzen dugu, jaia ez den egun oro txapel gabe ibiliko bagina bezala edo antzeko zerbait adierazteko.

Harago edo egunerago, asteko lehen egun horrek ba du topikoz beteriko izen maltzurra eta tristea, teorian asteburuko atseden ondoren lanegun denetatik pozgarriena izen behar balu ere, gehienek kastigu bezala hartzen dutela dirudi.

Ez ordea, kasurako, Eibarren duela mende erdirarte pilota jaialdi sonatuenak astelehenez ematen zirelako eta hortik frontoiari eman zioten izena ere. Are gutxiago Gernikan, bizi garenontzat beti izen delako azoka edo feria eguna, edo biak. Azoka ortuari edo janari jenero saltzeari deitzen diogun eran peri edo feria ganadu edo azienda tratuari. Gernikan biak ala biak urteko astelehen denetan egiten dira, urriko denak eta bereziki lehena eta azkena espezialak izen arren. Lehenean ganadua lehenetsiz eta azkenean ortuari, janari oro bezela artesautza.

Ezer gutxi berririk gehitu nezake, urte feria hau zein Ordizia, Abadiñoko Sanblasak, Mungiako Sanantontxuak edo beste hainbatetik bat ezagunak izango dituzuelako eta nire auzokide baten oroimenezko istorioa kontatzera noa. Nire gurasoen belaunaldian, baserritar gutxi batzuk zuten fabrika edo inolako faktorian lan egiteko aukera eta inbidia pixka bat zioten aukera hori zutenei. Gure auzune erdi erditik trena zebilenez, aukeratu horietako batzuk trenaren konpañian lan egiteko zoria zuten eta hauek baserritar peto petoei beste norabide baten zioten inbidia. Azken hauek bai Abadiñora, nahiz Gatikara Sanmarkotan edo espezialki Gernikara urrian joan ahal zuten eta haiek ez. Ez da harritzekoa, beraz, Atxuriko Jose txarrak esatea “Azken astelehen hori igandez egokitzen denean, egun guztirako joango naiz Gernikara, bazkari eta guzti”. Etzuen gizarajoak ezagutu jai eder hori. Pentsa ezazue, buru zuri ez den, astelehen hori sonatua izan bada beti, Franco tirano, anker, madarikatuak ere bazekien, duela 82 urte ere, bonbaketa haiekin min eta kalterik handiena egiteko eguna zela.