EGUN tristeak dira urrikoak. Begirada bakoi-tzean agertzen da izan ginenarekiko abandonua. Bai, behin izan ginen, dirdira bat geneukan eskuartean, basoan sar-tzen ginen soinuak entzutera, mendietara begiratzen genuen ferekak beste modu batean senti-tzeko, ur azpian musu efimeroak partekatzen genituen, zozoen aldrek harritu egiten gintuzten besarkada bakoitzean, eta eskuekin itunak egiten genituen.

Urriko begiradak amiltokiak zabaltzen ditu berriz, eta izan ez ginenaz gehiagotan ez amesteko mehatxua ere bai. Adiskidetasunaren ertzetan zintzilikatu ditugu gomuta zaharrak, eta lausotu egiten zaigu asunez beteriko paisaia. Ahaztu egiten zaigu zerura begiratzea, antzaren kaligrafiak ikusteko, letra moldeak berriz ikasteko.

Horrexegatik urriko egun hauek tristeegiak dira. Askatasuna ebaki digute, nahi duguna pozoitu, jakin nahi duguna ahantzarazi, nora bideratu gure urratsak mugatu. Katalunian demokratikoki aukeraturiko politikariekin abiatu duten injustizia uholdea jasanezina da, lotsagarria, esperpentikoa, neurririk gabekoa eta mingarria. Deskalabrua sortu eta lintxamendua eman nahi izan dute eskarmentuzko irudi totalitario baten bidez. Indarra betikoen eskutan dagoela adierazteko, demokrazia zer den ez dakiten horiek superdemokratikoak direla esaten duten bitartean.

Injustizia ere Euskal Herrian gauzatu da beste behin, eta gazte ba-tzuen kontrako gezurrezko liturgia juridiko bat osatu dute epaitegietan justizia unibertsalaren jabe direla sinesten dutenek. Askatasunaren eta giza eskubideen usurpazioa, eta errelato fiktizioa eta inposatua eraiki dituzte ezinekoa denaren irudia koherentziarik gabeko lege aplikazioekin apaintzeko. Berdin da gezurra tamaina itzelezkoa bada, ez dute inolako eskrupulurik egiaren aurrean; etika eta moralaren arteko anbiguotasunean arnasten dute.

Herrialdeetan, batzuetan, degenerazioa eta inboluzioa izaten da albiste. Inguratzen gaituen horretan besterik ez dago.

Horrexegatik, urriko egunak tristeak izaten ari dira.