Zirrikituetatik begira

“Everybody’s jail”

09.02.2020 | 19:03
Columnista Rikardo Arregi

ASTELEHENEAN buruzagi katalanen espetxealdi zigorrarekin esnatu ginen, ehun bat urte (Espainiako Erresuma eskuzabala da kartzela kontuetan), eta, ondorioz, Katalunian izan ziren protestekin eman genituen goiza, arratsaldea eta gaua, deigarriena Bartzelonako aireportuan ikus genuena, Tsunami Democràtic izenekoak antolatua. Bide batez, asteartean bertan Marlaska ministroak (gero eta aurpegi txarragoa du gizon honek) adierazi du ikertuko dutela nor dagoen erakunde horren atzean eta jakingo dutela nortzuk diren antolatzaileak. Kartzelara eramateko, pentsatu dut, eskuzabaltasunak hori du, ez dela inoiz asetzen.

Buruzagi katalanei ezarritako zigorra gogorra izango zela gauza jakina zen, baina uste ilunenak egiaztatzea beti da aztoragarria, itxaropen izpi txikiak gordetzen baititugu (oi, gizaki inozook) egoera beltzenetan ere.

Zalantzarik gabe hori guztia, Auzitegi Gorenak emandako epaia, protestak aireportuan, izan zen garrantzitsuena astelehenean, baina agian gehien txinditu ninduena Espainiako Gobernuak atera zuen bideoa izen zen, "Spain: Everybody's Land" deiturikoa. Guztion lurraldea, etxea. Bideoan ministro batzuk agertzen dira, Marlaska (leku guztietan dago), Celáa (Arabako kongresukide hori), Borrell, Duque, Calvo eta abar, behin eta berriro errepikatzeko ingelesez, fransesez eta gaztelaniaz ("everydoby's language") Espainia dela guztion lurraldea edo etxea, Espainiako demokrazia demokrazia dela, Espainiako demokrazia sendoa dela (dena den, "democracia consolidada" esapide bezalakorik ez dago) eta nazionalismoak (espainiarra ez, noski) txarrak direla senar-emazteak (sic) eta anai-arrebak (sic) banatzen (sic) dituelako (Celáaren hitzetan). Emigrazioaz gogoratzea nahikoa izango litzateke bideoaren gezurra agerian uzteko, edo hizkuntzen egoeraz, baina demokraziarena behin eta berriro errepikatu beharrak, zigor bidegabe horiek atera diren egun berean, zinismoaren gailurrera eramaten gaitu zuzenean. Argi dago Espainaiko Erresumak zuritu behar duela bere burua etengabe.

Norbaitek "Spain: Everybody's Jail" idatzi du txio batean. Guztion kar-tzela.