BEHIN baino gehiagotan entzun dut azken aldian ulertezina dela nola ez den posible izan sozialisten eta Unidas Podemosekoen arteko koalizio gobernua osatzea Madrilen (Estatuan, Erresuman), hainbat autonomia-erkidegotan edo udaletan mota horretako gobernuak, zailtasunak zailtasun, osatu diren bitartean. Esaten dute batzuek udal eta erkidegoetako politikariak pragmatikoagoak direla, edo errealistagoak, jendearen kezkak hobeto ezagutzen dituztela eta ez dakit zenbat lore gehiago, Kongresukoak, aitzitik, olinpikoagoak direla, edo ez dutela jendearen behar oinarrizkoen berri; horregatik, udal eta erkidegoetako poltikiarientzat errazago izango litzateke elkarlana eta, berazk, akordioak, itunak eta koalizio gobernuak eratzea, Kongresukoek, aldiz, beste interes ilunagoak izango lituzkete, alderdiekin zerikusia dutenak bereziki.

Azalpen hori errena dela uste dut: alde batetik, sinestezina iruditzen zait Kongresuko politikari guztiak berdin eta modu jakin batez ari-tzea (edo Gasteizko eta EAEko politikari guzti-guztiek ere berdin eta modu jakin batez aritzea), eta bestetik, onen eta gaiztoen arteko banaketa garbi hori film edo liburu txarretarako utziko nuke, ez azterketa politikoetarako.

Ni hasi naiz susmatzen azalpena beste leku ez hain eroso batetik datorrela: agian udal eta erkidegoetan burutzen diren politikak ez dira Madrileko gobernuak egiten dituen politikak bezain garrantzi-tsuak, agian erabaki benetakoak, hil ala bizikoak, Madrileko gobernuak hartzen dituenak dira, eta udal eta erkidegoetan hartzen direnak, bigarren edo hirugarren mailakoak baino ez (salbuespena beharbada: EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak). Ados, erkidegoetan erabaki daiteke osasun sistema pribatizaziora lerratuko den ala ez, edo eskola kon-tzertatuei ezarritakoa baino diru gehiago ematea (EAEn bezala); ados, udalak erabaki dezake garraio publikoa nola kudeatu, demagun, klima aldaketari aurre egiteko. Baina benetan munta handikoa dena beste leku batean erabakitzen da (eta ez bakarrik Moncloan). Horregatik da zailagoa koalizioarena, gehiago dagoelako jokoan.