Leloa da baina guapoa”. Halaxe erantzun zion nerabe batek besteari, Mario Casas alfonbra gorrian zein egun eta ordutan agertuko den aditzera eman eta sinadura eskatzera joateko gonbita egin zionean. Lagunak “lelo bat da eta” argudiatu zion interesik eza agertuz eta, lehenbiziko nerabeak, “baina guapoa” erantzun.

Antzerako erantzunak jasotzen dira futbolarien kasuan ere edota izarren unibertsoan bizi diren ezen pertsonaia galaktikoren inguruan. Irudiak itsutzen gaitu. Gure bizitza iruditan agerrarazi beharrak. Edukiak ez du axola. Mario Casas-ekin ateratako argazkiak baizik. Mario Casas-ek zer dioen, bere pentsatzeko modua zein den, zer nolako kausak babesten dituen, bere ekarpena zein den edota niri zer esateko daukan? bost axola. Berarekin argazkia nahi dut. Eta Bershkan erositako niki merkeenaren etiketan jasoko dut bere sinadura. Love forever.

Ez naiz sekula sinadura bat eskatzeko ilaran egon. Sinadurak baditut, ordea, pila bat, nire idazle lagun kuttunek eskainiak. Baina eskainitako sinadurak dira. Niri eskainiak. Balio pertsonala dutenak, orain eta bihar ere izango dutenak. Eta euren obraren gainean ditut tintaz josita, sekula galduko ez diren lekuan. Zer esana daukaten pertsonenak dira, beraien pentsatzeko moduarekin edo egiten duten lanarekin bat egiten dudanena, izpiritua eta gogoa betetzen didatenenak? eta ez daukat haiek argazkitan erakutsi beharrik.

Nerabeak alfonbra gorriaren ertzetan edo futbolariak garraiatzen dituzten autobusaren eskailera aurrean urduri lehenbizi eta ondoren oihuka ikusten ditudanean, poza sentitzen dut benetan; euren ametsetako bat betetzean bizi duten momentu gogoangarria nola bizi duten ikustea inbidiagarria delako baina era berean galdetzen dut, ametsak zenbat iraungo ote dien, galdetzen dut sinadura non gordeko duten, eta intimitatean, etxera bueltatzen direnean, beraien geletan sartu eta kisketa botatzen dutenean, jasotako sinadurak, bene-benetan, zer esaten dien. Edukirik eta baliorik ote duen.