KASETE zahar batean hasi nintzen aldarrikapenezko kanta haiek entzuten. “Levántate y mírate las manos. Para crecer, estréchala a tu hermano. Juntos iremos unidos en la sangre”. Ahots suabea zuen kantariak, eta bere gitarrak urruneko mundu bateko soinu latinoak ekartzen zituen gogora. Laborariak, maitasuna, borroka, lantegiak, eskubideak, lurra? horiexek ziren bertsoen artean agertzen ziren gaiak eta ametsak. “Te recuerdo Amanda. La calle mojada. Corriendo a la fábrica donde trabajaba Manuel. La sonrisa ancha, la lluvia en el pelo. No importaba nada. Ibas a encontrarte con él. Con él, con él, con él, con él”.

Mercedes Sosa, Quilapayun, Inti Illimani eta antzeko taldeen kantak entzuten genituen sasoi hartan, baina Txileko kantari hark lilura-tzen gintuen beste guztien gainetik.

Aste honetan, irailaren 16an, baina duela urte dezente, Victor Jara hil zuten Pinochet-en (1973-1990) diktadurapeko soldadu krudelek. “¿Cuántos somos en toda la patria? La sangre del compañero presidente golpea más fuerte que bombas y metrallas. Así golpeará nuestro puño nuevamente. Canto, qué mal me sales cuando tengo que cantar espanto. Espanto como el que vivo, como el que muero, espanto”.

Torturatuak (hogei mila baino gehiago), eta hildakoak (hiru mila baino gehiago) izan ziren infernuko bolada hartako albiste beldurgarria. Urte haietako kartzeletan piztikeria asko egiten zituzten, eta triskantza haietariko batean ere Jara hil zuten modu bortitzean. Erredurak egin zizkioten, atzamarrak kraskatu zizkioten, eta balaz josi zioten gorputza.

“Si molesto con mi canto, alguno que venga a oír, le aseguro que es un gringo o un dueño de este país”. Eta bai, asko molestatzen omen zuen, eta hartara, faxismoaren txakur-taldeek akabatu zuten.

Beldurrak begiak zabaldu zituen eta bidegabekeriak hatzaparrak luzatu zituen nonahi. Gaur ere, beste toki askotan (demagun, gurean ere), antzera.

Txakurrek zaunka egiten dute oraindik, baina bere kantak eternoak dira. “Caminando, caminando voy buscando libertad. Ojalá encuentre camino para seguir caminando”.