SUMARIOAREN zenbakia: 11/13. Epaituak: 47. Webgune itxiak: 38. Twitterreko kontu itxiak: 32. Facebookeko kontu itxiak: 125. Espetxe-zigor eskaera: 600 urte inguru. Zaintzapeko askatasun urteak, eskaera: 450 inguru. Inhabilitazio eskaera, berezia eta osoa eta kontua galtzen hasi naiz: 1.000 inguru. Isunak: ia-ia 100.000 euro.

Zenbakiak, zenbakiak baino ez. Pertsonak dira garrantzitsuak: Jesus Mari Aldunberri, Fran Balda, Javier Carballido, Amaia Esnal, Joxean Fernandez, Jon Garai, Nagore Garcia, Gorka Gonzalez, Eneko Ibarguren, Imanol Karrera, Sergio Labaien, Ibon Meñika, Jon Mindegiaga, Roberto Noval, Nagore San Martin, Oscar Sanchez, Jose Manuel Ugartemendia, Eneko Villegas, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia, Ekain Zubizarreta, Mikel Almandoz Erbiti, Asier Aranguren Urroz, Jose Luis Campo Barandiaran, Jon Enparantza, Egoitz Lopez de Lacalle Uribarri, Aintzane Orkolaga Etxaniz, Aitziber Sagarminaga Abad, Arantxa Zulueta Amutxastegi, Naia Zurriaran Mendiguren, Arantza Aparicio Lopetegi, Ainhoa Baglietto Gabilondo, Jaione Karrera Ziriza, Iñaki Goioaga Llano, Ane Ituño Perez, Amaia Izko Aramendia, Eukene Jauregi, Aiert Larrarte Aldasoro, Kepa Mantzisidor Txirapozu, Onintza Ostolaza Arruabarrena, Atxarte Salvador Navarro, Alfonso Zenon, Haizea Ziluaga Larreategi, Fernando Arburua, Oihana Barrios, Izasku Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga.

Izenak zenbakiak baino zertxobait gehiago dira, askoz gehiago Gabriel Arestik idatzitakoa kontuan hartzen badugu behintzat: “Pentsatzen dut nire izena / nire izana dela, / eta eznaizela ezer ezpada / nire izena.” Ez dakit epaitu guztien izenak, letania moduan, hemen idazteak zertarako balio duen, baina batzuetan gauza hauek egitea beharrezkoa dela uste dut, kontzentrazioetara joatea edo gutunak sinatzea edo ez dakit zein ekimenetan parte har-tzea beharrezkoa, premiazkoa, den bezala. Izen bakoitzarekin batera izana doa, bizitza, oraintxe bertan sufritzen ari den gorputza, eta geroari egiten zaion galdera handi eta beldurgarri bat. Izena merezi dute.