HEDABIDEAK astun, oso astun, egon dira uztail-abuztuan oporraldien kontua dela-eta, eta astun, oso astun, daude oraintxe bertan, irailean, itzuliarekin, bueltatzearekin, frantsesak (hizkuntzak) “la rentrée” izendatzen duen eta guztiok eskola-ume egiten gaituen une berezi honekin.

Egia da ikasturtearekin batera gauza asko hasten direla berriro ere, edo ilusio hori izan nahi dugu, behintzat, eta urte hasiera bat, urtarrilekoa, ez zaigula nahikoa iruditzen denborak, denboraren joanak, sortzen digun aztoramendua menderatu ahal izateko, baina nostalgia modu bat, guztiok dena (lana, atsedena...) aldi berean egiten genuen garai mitiko haren nostalgia nabaritzen dut nik obsesio horretan Mitikoa, zeren inoiz ez baita egia izan guztiok dena aldi berean egiten genuela, klaseak eta klaseak (sozialak) egon dira beti: langileak txandaka (goiz-arratsalde-gaua) joan dira lantegietara aspalidanik, adibidez. Gaur egun, zer esanik ez, jende askok lan egin behar du gauez, edo igandetan, edo abuztuan; are gehiago, gaur egun, inoiz baino jende gehiagok lan egin behar du desorduetan (lehen desorduak ziren, orain ordutegi malgua izango da, ez dakit), eta ez egin beharreko lanaren nolakotasunak hori eskatzen duelako berez (nekazaritza, demagun), baizik eta gure sistemak (barkatu) segi-segi-gelditu-gabe etengabea ezarri duelako (turbokapitalismo izen ezin egokiagoa da). Agian, horrexegatik behar ditugu sasi-hasiera hauek, zerbait gelditu dela sentitzeko, geure buruak engainatzeko, denbora kontrolpean dugula sinesteko. Zenbat eta jende gehiago ohiko ordutegietatik kanpo egon, orduan eta indar-tsuagoa guztiok dena aldi berean egiten dugula aldarrikatzen duen fantasia hori.

Higatuko zaigu berehala hasieraren sentsazio gazi-gozo hau, berri itxura zuenari betiko mami monotonoa azaleratuko zaio, eta hurrengo hasieraren zain (lau hilabete barru) geratuko gara guztiok, abuztuan oporrak izan dituztenak eta abuztuan lanean egon direnak, ea denboraren hozkak ez digun min gehiegirik egiten. Irekiko al dituzte dendak igande guztietan?