oSO despistatua naiz izenekin; buru txarrekoa, esan nahi dut. Pertsona bat aurkezten didatenean izenari erreparatzeko senperrenak egiten ditut, baina gehiago jabetzen naiz fisonomiaz, daraman arropajeaz, keinuen norabideaz, edota begiradaren bizitasunaz. Ondorioz, izena ziplo ahaztu egiten zait. Halarik ere, eta arrazoietan gehiegi sakondu gabe, beste izen batzuk oso ondo ikasten ditut. Idazleenak, mendizaleenak, poetenak, bai eta hedabideetan tai gabe agertzen direnenak ere. Egunotan, modu definitiboan, Abe, Merkel, Trudeau, Trump, Johnson, Conte eta Macron izenak ikasi ditut. Europako atletismo txapelketa bateko 100 metroko azken sailkatuen izenak izan litezke, bai eta Raymond Carver idazlearen Beginners laneko protagonisten izen batzuk ere. Baina ez. Izen horien atzean botere suntsitzailea ezkutatzen da, G7ko agintarien izenak baitira. Donald Trump AEBetako presidentea da guztien artean baboena, bere Air Force One hegazkinarekin heldu zen Euskal Herrira, guztien gainetik nabarmentzeko, bere lerdokeriak esateko, bere ezgaitasun beldurgarria beste behin agerian uzteko.

Eta horiekin batera, bataila baterako beharrezkoa litzatekeen polizia ejertzito bat ere zabaldu zen Miarritzen. Hiria setiatua izan da azken egunotan zazpi pertsona bildu behar zirelako; “zazpi pertsona”. Kontrol zorrotzak eta kaosak (autorik ez, akreditaturiko egoiliarrak eta kazetariak solik) hartu dute ia iparraldeko kostaldea, mundu bazterreko zazpi morroi neoliberalismo ekonomikoaz, eta irabazitako botereaz inolako eskrupulurik gabe berba egitera etorri direlako. Zorakeria handiagorik!!!

Modu zinikoan pilotu automatikoa jarrita duten zazpi horiek ez dira munduan benetan gertatzen denaz konturatzen, eta horrexegatik, eragozpen guztien gainetik, eta bestelako alternatiba eta irtenbide etikoago batzuk egon badaudela lau haizetara zabaltzeko xedez, kontragailurra abiatu zen joan den astean.

Dena dela, zazpi izen horiek espero baino gehiago entzun dira. Orain ondo hartuko ditugu gomutan. Mundura suntsidura ekarriko duten apokalipsiaren zazpi demonioen izenak baitira.