MILA eta lau egun daramatzate kartzelan Altsasun atxilotuetako hiru gaztek lerrook idazten ari naizen honetan. Pasa den larubatean mila egun bete zirenez, hedabideetan eta askoren buruetan lekua hartu zuten Altsasuko gazte horiek (eta egun gutxiago daramatzatenak, noski), eta beraiekin egindako bidegabekeriek, baina, tamalez, dena ez zen bukatu egun berezi horretan bertan, milagarren egunean. Egun (eta gau) gehiago etorriko dira, zenbaki borobila ez dutenak, astunak, arruntak, oharkabean pasako direnak, banan-banan eroriko direnak espantu handirik gabe. Irailaren 18ak beste muga bat paratuko dio denborak sortu duen infernuari, egun horretan Auzitegi Gorenak aztertuko baitu Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorren aurka Altsasukoen defentsak jarritako helegitea. Itxarotea eta zain egotea: biak nahasiko dira hurrengo hilabetean, egun horren zain egon zerbait konponduko den itxaropenarekin.

Altsasukoa gertatu zenetik batzuk izan dira, han-hemenka, berdin-berdinak ez, baina bai, salbuespenak salbuespen, parekagarriak suerta daitezkeen gertakariak. Gertakari horietan guztietan ondorioak oso bestelakoak izan dira Altsasun ikusi genituenekin erka-tzen baditugu, bidegabekeria biderkatuz joan da apurka-apurka egunen joan-etorriekin batera, eta hitz-joko triste mingarria ere asmatu genuen zigor kodearen eta posta kodearen artean.

Pasa den asteburua elkartasunarena izan da, egin behar dena, zala-tzarik gabe. Elkartasuna adierazi dutenen artean harrigarria egin zitzaidan Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentearen txioa euskaraz; haren ondoan beste presidenteren eta lehendakariren isiltasunak ozenagoak izan ziren (Altasasu ez da EAE, ez).

Zer egin ahal dugu besteok? Egunak (eta gauak) zenbatzen segitu behar dugula iruditzen zait, zenbaki borobil horiek ateratzen ez diren arren, egun bakoitzari bere errealitatea, bere gorputza eta bere denbora osoa eman ahal izateko. Mila eta seigarren eguna, mila eta zazpigarren eguna, mila eta zortzigarren eguna, nekerik gabe, temati, justiziaren zain, ahanzturaren kontra, egoskor.