KARTZELAZ eskarmentu franko dugu gure herrian. Tamalez. Tamala, desgrazia hutsa delako gizakia kaiolan edukitzea dena delakoagaitik. Dirudienez, delituren bat egin duenak ordaintzeko beste biderik ez duelako. Ordain-tzeko, zeren kasik inoiz ezer konpontzen ez baitu eta han barnean egoteak ezer gutxi laguntzen diolako presoari bergizarteratze bidean. Alferrikako etsipena, samina eta denbora galtzea, beraz. Gizarteratzea zentzu askotan uler daiteke eta klase agintariaren ustez, hamarkada urte atxilo egon direnak, ideologia berdin samarrarekin atera dira handik. Ez, akaso, atxilotzeko motiboak izan zituzten ekintzetarako baina ideologiaz ari naiz. Demagun, gustuko edo ez dugun legediarekin, kalte ordainak ia 30 urtekoak izan dituzte batzuk, gizalegeak ukatu izan dizkiotela kasu askotan baina, berresanez, erru bat ordaintzen.

Behin eta berriz aipatu izan dudan oroimen bat dakarkit gogora. Seme-alabak umetik nerabera tartean zeudela, baserriko ezkara-tzean, telebistaz Segobiako ihesa filma ikusten geundela, negarrari eman eta bertan behera utzi nituen umeak filma ikusten eta oheratu nintzen. Haietako bat hurbildu zitzaidenean esan nion edozein presoren behin-behineko eta behin-betiko ametsa eta xedea handik alde egitea dela. Hainbat urtez, han egotea ekintza politiko bezala ulertzen zutenak kritikatuz.

Edozelako kulpa izanik kartzelan egotea gogorra, gorria eta latza baldin bada zer izan behar ote du inolako kalte edota deliturik gabe egun bakar bat libertate gabe pasatzea. Ezagutzen nautenek badakite zelako zazpi egun igaro nituen La Salve-ko kasernan, badut beraz eskarmentu hori, kasu hartan, tortura latzak gehituz gainera. Inolako erru ez denuntzia gabe handik atera izanak, egun barruan dauden Altsasuko 10 gazteekin parekotasuna atzeman diot. Ezin dudalako inondik inora deliturik ikusi gauerdiko errieta baten, guardia zibilekin edo beste edonorekin izan. Erru gabe, injustiziaz, atxilo egun bat edo zazpi hainbat dira eta 1.000, egun asko dira.