apurka- apurka hedabide batzuetan El Pason gertaturiko hilketa terrorismo ekintza moduan aurkezten hasi dira. Nolanahi ere, terrorismotzat jotzen dutenen artean albistea gero eta beherago dago edizio digitaletan eta lehen orrialdetik gero eta urrunago paperezkoetan, gero eta lerro gutxiagorekin guztietan; terrorismo islamista izan balitz, noski, albistea, albistearen albokoak, aurrekariak, ondorioak eta analisiak leku ikusgarrietan egongo lirateke oraindik, eta kandelak pizten egongo ginateke Gasteizko kaleetan “ni El Paso naiz” eta horrelakoekin. Ohi baino bitxiagoa da kontua, zeren, Estatu Batuetako agintariek beraiek barne (“domestic”) terrorismo bezala kontsideratzen badute ere, sarraskiari buruzko irudi orokorra bestelakoa baita: Estatu Batuetan dagoen armen kontrola edo kontolik eza azpimarratzen da (burutik jota daude amerikano hauek), aurreko hilketekin egiten dira konparazioak, hiltzailea mexikarrak gorrotatzen dituen ero bat da (familia desegin bat), eta funtsean dagoen oinarri arrazista leuntzen da, edo zuzenean desagertu, begi-bistakoa den arren.

El Pasokoa terrorismo zuri supremazista dela esatea gehiegi da, an-tza, baina ez dago beste hitzik, ez da terrorismo mota horretako lehen ekintza eta ez da azkena izango. Bide batez, mamua ez dabil bakarrik Estatu Batuetan, Trump presidentearen hitzek hango eroak (sic) gehiago sutzen dituzten arren. Eroak direlako, ezta? Ez interneten kontaktu bitxiak egin eta elkarri burua berotzen dizkioten “otso bakartu” islamista horiek bezalakoak. Ero arriskutsuak, ados, baina ez gaizkileak. Askoz lasaigarriagoa da eroez hitz egitea, eta ez gaizkileez, eroek konponketaren bat izango dute, ezta? Ez Gaizkian bizien diren eta Gaizkiak bizi dituen benetako terrorista horiek bezala.

Hemen ere, Trumpik ezean (ez da beharrezkoa), baditugu gure ero gaixoen burutxoak berotzen dituztenak erroldak direla eta ez direla, diru-laguntzak direla eta ez direla, segurtasuna dela eta ez dela, beti dago zerbait. Eroak. Terroristak, infernuaren antzera, besteak dira beti.