BALKOIAN eserita Lekeitioko kaiari begira orduak egiten zituen nire amuma Petrak. Herriaren zain-tzaile ofiziala izendatua izan balitz bezala, handik igarotzen ziren herritar guztiak babestu nahi zituela ematen zuen. Garai batetik aurrera, arriskua ikusten zuen edonon, eta portutik dzanga zebiltzaten gazteak edo itsasora irtetzen zegoen arrantzaleari kontuz ibiltzeko esaten zien, mesedez kontuz ibiltzeko, haiek bere hitzak entzuten ez bazituzten ere. Etxetik kanpo dena zen arriskutsua. Etxea segurtasunaren sinonimoa zen gure amumarentzat, gutako gehienentzat bezala, beti ikusten baititugu arrisku gehiago kanpoan barruan baino.

Aste honetan Rafael izeneko gizon batek eskopeta bat hartu eta Josefa izeneko bere emaztea erail du Burgosetik gertu dagoen herri batean. Bere semea ere tiro batez zauritu eta ondoren bere buruaz beste egin du. Dena gertatu da etxe barruan. Arrisku guztiak etxetik kanpo ikusten hezi gaituzte. Emakumeak, bereziki. Beti esan digute kontuz ibiltzeko kalean, ezezagunei jaramonik ez egiteko, ez igo-tzeko ezezagunen autoetan, ez edateko ezagutzen ez dugun norbaitek emandako edaririk... Beldurrean hezi gaituzte, kalean gure mugimenduak baldintzatzera eta mugatzera heldu arte. Baina gutxitan ohartarazi gaituzte gure harreman intimoenean aurkitu dezakegun heriotz tranpaz. Josefak Rafaelekin batera egiten zuen lo gauero. Eta Josefa bezala, hainbat emakume bizi dira etxe barruan beldurrez. Gauez etxeko atea barrutik itxi ondoren, dardarka hasten dira arerioa etxean bertan daukatelako. Ez dago kartzela jasangaitzagorik. Uztailean bakarrik 7 emakume erail dituzte estatu espainiarrean, 32 urte honetan. 2003 urtetik genero indarkeriaren datuak jasotzen hasi zirenetik, 1.012 emakume erail dituzte euren bikoteek edo bikote ohiek.

Ezin ditugu neskak kalera irteteko beldurrean hezi, ezin diegu nire amumak egiten zuen bezala, balkoitik esan kontuz ibiltzeko, ez badiegu aldi berean ohartzen, arrisku handiena etxe barruan aurkitu dezaketela. Gizarte honetan, emakume askorentzat etxea ez dela inolaz ere segurtasunaren sinonimoa.