harritu egiten gaitu, ia egunero, han edo hemen, bortxaketa edo erasoren baten berri izateak. Nola, orain, hainbeste? galdetzen dugu. Gertatzen dena da, gure memoriak gauza txarrak ahanzteko joera duela? zeren eta guk deitzen dugun lehen horretan ere, horrelakoak eta okerragoak ere gertatzen ziren. Kontua zen, halakorik gertatuz gero, isilik egon beharra zegoela, “markatutako neska” ez izateko. Eta gure burua zaintzen ikasi genuen, gizonezko batzuk nolakoak ziren azaldu zigutenean. Zakila bistan zerabiltenak exhibizionistak ziren; hatzamarra jar-tzekotan, hirunaka egitera derrigortzen gintuzten etxean; ipurdian ukituz gero, zartakoa ematen; bularretako eta niki estuak eramaten genituen soinean, dantzan egitean titiak gehiegi mugitu ez zitezen eta alkandora zabalaren hegietatik inor ez zedin eskua sar-tzera ausartu. Taberna zuloetako komunetara, gutxienez, bina lagun joaten ginen; han, zokoan, beti egoten zelako komunean zurekin sartuko litzatekeen norbait. Etxera ere binaka joaten ginen, argi gutxiko kale asko izaten zirelako orduan. Edo nebaren edo lehengusuaren zain egoten ginen, gaua luzatzen, etxera lagunduta heltzeko.

Eta hurrengo egunetan izaten ziren albisteak. Halakoa bortxatu omen dute. Neska gaixoa. Eta akabo. Hitz bat ere ez gehiago. Lagunik eta mutil lagunik gabe imajinatzen zenuen “neska gaixoa” bizitza osorako.

Mutil eta gizon haiek guztiek ez zuten aurpegirik, izenik, izanik. Denak kanpokoak ziren, eroak, gaixoak, eta okerrenean, mozkorrak. Ez genituen identifikatzen.

Beraz, pausu handiak eman ditugu aurrera. Jaietan arruntak ziruditen portaera haiek, jada, ez dira arruntak. Are gutxiago onargarriak. Identifikagarriak dira eta salagarriak. Eta mozkortuta egoteak ez ditu arintzen.

Atzera begiratuta, oihan batean bizi ginen irudipena daukat. Legerik gabeko oihan batean, zeinetan, emakumezkoa, edonola begiratuta ere, harrapakina zen. Norbaitek esan du, gertakizun hauek sala-tzen dituzten herrietan jaiak ez direla hondatzen. Nik, ostera, egun batez jaietako emankizunak bertan behera utz daitezen eskatuko nuke.