SUSPENSO gaztelerako berba erabiliko dut, ikastolak edo orotako euskal hezkuntza sortu zenetik harrezkero erabiltzen diren ‘gutxiegi’ edo beste edozein baino adierazgarriago egiten zaidalako. Benetako porrota iragartzen duen esannahia du, zintzilik geratzen den horrena. Harrokeriatik landa, hurrengo baten bete beharrekoa, ezer aurrera eraman nahi duenak behintzat. Gutxiegi gehi zerbait nahiko izan daiteke, suspenso esekia, zintzilika da... eta kitto. Barka iezadazue 1970 edo 80ko hamarkadatik aurrera ikasi duzuenok, karreran zehar ere kreditu bidez zuen ikasketak lortu dituzuenok, ia-ia konbokatoria konkretuei kasu egin gabe. Neronek Itsas Pilotu izateko hiru ikasturteetan edota Deustuko Jesuitenean GGZZ beste hainbestetan, ekainean osatzen ez zirenak, irailerako geratzen ziren, urtarrilerako dei bereziren bat ezagutu nuen arren.

Hitz eginez elkar ulertzen dugula defenditzen dutenei, elkarri entzuteari garrantzia ematea eskatuko nieke, nabarmen ageri delako Madrilen Gobernua osatzen -edo desegiten- dabiltzan horiek guztiak esan bai eta entzun ez jardun direlako edo gure amak erabiltzen zuen “Ni nagusi edo burua hautsi” teorian oinarrituz osatu nahi dute hurrengo lau urteetarako agintari zerrenda. Hura soilik nahiko latza edo larria da, alegia, zerrenda horri lau urte horietan bete beharreko atazei edota programari baino munta gehiago ematea. Izenena, are lotsagarriagoa, nor edo nor izan beto zuzena jartzen diotelako bata besteari.

Madrilekoa erabili dut baina Iruñea aldean ere antzeko zertan dabiltzela ezin ukatu. Badu, niri aburuz, alde baikor txiki bat, kasu honetan zuzenean eskumara joateko traza eraman zuenean, progresista izateko bidezidorrean lerrokatu delako. Bestela, Madrilekoaren nagitasun eta elkar betatzeko ohitura kaskar horiekin doa Nafarroakoa ere. Sermoi hau guztia, azken finean, bi kontzeptu erabiltzearren izan da. Alegia, aurtengo honetan, politikoek (denek) ikasgai guztiak irailerako utzi dituztela. ¡Suspenso!