UDakO egunetan giro ederra izaten da bizikletaz ibiltzeko, harat honat. Lagunen batek bizikleta hartu eta trasnpirenaika egin behar duela esanda, hara joan da giharreria estutu eta flakatzeko helburuarekin, bai eta pasaia ederrez gozatzeko xedearekin ere. Hurbilago gaudenok, sargoriari iskin egin nahian, herritik atera eta hainbat mendate txikirekin borrokatzeko helburuarekin hartzen dugu makina, taupadak azkartzeko eta birikietako hauspoa ondo betetzeko. Izerdia ederki bota ondoren, agian, hondartzako uraren freskurarekin zigorturiko hanketako energia berrekuratuko dugu, geroago, arratsaldeko ordu berotsuenetan EITBko Tourrean besteen sufrikarioarekin berriz galtzeko.

Asteotan elastiko horiak, berdeak, urdinak eta marroiak ari dira alboko herrialdearen bideak zeharka-tzen, har koloretsua osatuz, Fran-tziako zaleen eta Euskal Herriko zaleen gozagarri.

Asteburuetan mendaterik gogorrenei aurre egiten diete txirrindulariek jende elemeniaz inguraturik, eta adibidez, Tourmaleten gora gorputza birrindu arte espektakulua eskaintzen dute. Izen berriak ikasten ditugu zaleok, Julian Alaphilippe, Thibaut Pinot edo Geraint Thomas, eta horien indar harrigarrien erakustaldiarekin haluzinatu egiten dugu egunez eguneko etapetan. Tropelean beste batzuk badoaz, apalago, anonimoago, baina lan handia eginez aupatzen dute taldeko kapitaina. Nola egin dezakete esfortzu hori egun batean, eta hurrengoan, eta hurrengoan,? matxakearen astinaldiak arrastorik utzi gabe?

Mikel Landa euskalduna da izar handia hemengo zaleentzat. Erorketa espero-gaitza izan zuen eta nahikoa deprimiturik bazegoen ere, panorama beltzari buelta ematen saiatzen ari da, eta nola gainera!

Egunero izaten ditugu txirrindulari gizonezkoen balentriak telebistan. Baina badakizue, duela gutxi, bizikleta berdina erabiltzen duten emakumezkoen Tourra (La Course) ere burutu dela? Irudirik ikusi duzue? Etaparik? Badakizue palmares itzel handia duen Marianne Vos txapelduna izan dela? Badakizue irabazlearen prentsaurrekoan kazetari bat baino ez zela agertu? Zergatik ez da emakumezkoen kirola gizonekoen pare nabarmentzen?