LEHOIAREN buztan baino sagu mutur hobe (edo alderantziz) dio, euskeraz antzekorik aurkitu ez diodan, gaztelerazko aforismo batek. Inon izatekotan, eguneroko politikan ematen da hori batik bat. Ez da oraintxe Madrilen nahiz Iruñean Gobernua osatzeko dabiltzaten hika mikei begirada xume bat ematea baino. Ekinean jarri dut lerroburuan, aurreko iruzkinaren bidea jarraitzera noalako, aspaldiko kontu haiek utzi ez ezik egunera ekarriz. Eusko Alkartasunaren historian ematen delako, denen gainetik, arestian aipatu dudan aforismoa. Hasteko, lehoi ankerra izateko ustez eta asmoz bereiztu ziren EAJgandik 1985.ean baina betiko alderdiaren zimenduak tinko jarraitu zuten. Egitura mugitu zutenik dudarik ez baina sustraiak berean jarraitu zuten. Sagu, beraz. Mutur, subirano, baina txiki. Subiranotasunaren nahia izan zen, hain zuzen, betiko magaletik bereizteko zioa eta, urte asko geroago Pello Urizarrek erabili zuena “ildo subiranista eta abertzaleen batasuna” duela urte gutxi alderdiaren zuzendaritza hartu zuenean. Kontraesan bikoitza. Inondik bereiztea batasunaren antonimoa delako eta kakotx artean jarri dudan hori Nafarraoko eremuan sartzeko egin zirelakao, justu justu herrialde foraleko alderdikideekin borrokan zeudenean.

Arreta eman zidan EAk, gutxik egiten duten, 2006. urtean haien afiliatuen kopurua kaleratzean. Kopuru edarra alajaina, 6.000tik gora hain zuzen, nahiz eta gero Ordezkaria hautatzerakoan nabarmen agertu zen 6.000 horiek jomuga berbera ez zutela. Afiliatu mordoa, gero, burua makur makur eginda sekula holako kopururik aitortu ez duen Sorturen morroi EH-Bildu-n lerrokatzeko. Puntu honetara iritsiz, dirudi Urizarrek alde bateko abertzaleek aipatzen dituela, kontuan hartu gabe aspaldi laga zuten alderdiarekin ideologia kidetasun nabarmenagoa dela, beti gutxietsi dituzten ezkerrarekin baino. 2019.ean gaude, Pello joan da, EA bitan zatitu da. Galdera egitera nijoan baina iritzia emango dut. Batzuek lehoi buztana izan nahi dute Bildu-n, besteek sagua, baina mutur, EAn.