NAFARROAKO Erresuma eta Euskal Herria ideia paretsuak direla sinesten dugunok zalantza gutxi ditugu gaur berton amaitzen diren San Ferminak, eta batik bat horien en-tzierroak direla EHa munduan ikusgarri jarri dutenak, bere kon-tzeptu edota osagarria ere gure EHko beste edozein jai edo ikuskizunen gainetik nazioartean ezagunena delako. Dela entzierro horien bereiztazunagaitik, dela Ernest Hemingway idazle eta bizizaleen antzeko batzuk eman zioten ospeagaitik, egun ez da mundu zibilizatuaren bazterrik Iruñeako besta horien berririk ez duenik. Gazte gazteenak jarri lezake zalantza Game of Thrones-i esker Gaztelugatxe edo Zumaia munduan zehar barreiatu direla baina, Lekutan!

Duela lau urteko San Ferminetan, bermutaren orduan Gaztelu plazan, gaztetxotan Marceliano jatetxean zerbitzari jardun zuen 86 urteko emakume iruindar bat ezagutzeko abagunea izan nuen. Sarri edo gehienetan EH (intzial txukunak) idazle amerikarrak jaten zuen lekuan hain zuzen. Inondik haren aipamena egin nuenean, latz erantzun zidan atsoak: “Famatua eta idazle ona izan omen zen, bizizalea ere bai nonbait, baina zerbitzarientzat despota eta tirano hutsa zen” esan zidan haserre gazteleraz. Gure amak esango zuenez “kanpoeder” hura ere, antza.

E. Hemingway-en garaiak joan eta gero, 50 urte baino gehiago dira, nerauk ere jai horiek ezagutu nituenetik eta, egunotan entzierroa hasi aurretik “Entzun arren San Fermin, zu zaitugu patroi...” aditzean ileak tente jarri eta dardara eragiten dit. Arestian esan dudanez, zuri gorriz jazten diren festa horiek kokatu dute gure Erresuma munduan eta, horrekin batera, gure hizkuntzaren ataltxo bat ere bai. Irlandako neska batek esan zidan Iruñearako autobusean, euskararen lehen ezagutza kantu horretan izan zuela. Betidanik hor dagoela dirudien arren, 20 urte besterik ez da, milaka eskari eta beste hainbeste oztopo izan ondoren 2009.eko uztailaren 7.ean, karaoke antzeko kartel ba-tzuekin, lehenbizikoz euskarazko bertsio hori egin zena. Eta gaur gauean milaka lagunek kantatuko duten “Gaixoa ni” ere, antzean.