ZORIONEKOA gizagaixoaz arduratzen dena! Onik aterako du Jaunak zoritxar-garaian. (?) Lagun hurkoa gutxiesten duenak bekatu egiten du; zorionekoa dohakabeez errukitzen dena!”.

Itun Zaharretik aterako esaldiak dira goikoak. Vatikanon Aita Santua bizi da, eta dagokion moduan, horrelako leloak maiz botatzen ditu. Erroma kristautasunaren epizentro horietariko bat da, eta Italian dago. Matteo Salvini Italiako Barne ministroa da, baina horrek ez ditu esaldi horiek buruan. Horrek dohakabeak izorra daitezela nahi du, eta oinarrizko humanismoaren kontrako neurriak hartzen ditu tai gabe. Bestela, itsasoan bizitzak salba-tzen aritzen dena, zertarako kar-tzelaratu? Haien Zeruko Jainkoak agindutakoa betetzen baldin badu, zergatik kriminaltzat hartu? Zer dela-eta tamainako bidegabekeria? Zer gertatzen zaio mundu honi?

Harrigarria da pertsona baten bizitzak zein balio gutxi hartu duen. Afrikatik Europara desesperazioak jota ihesean datozen migratzaileak artatzen aritu da orain arte Sea Watch 3 itsasontziko Carola Rackete kapitaina. Joan den astean, Lampedusan porturatu zuen bere ontzia 40 migratzailerekin. Hainbat egun uretan eman ostean, eta inork eskua luzatzen ez zionez gero, bertako portura abiatu zen, barruko jende hark behar zuen atentzioa jaso zezan. Elkartasunaren definizioaz fitsik ez dakien Matteo Salvini eskuindarrak dio kapitainak jarrera kriminala eduki zuela, eta ekintza hori egiteko baimenik ez zuela. Autoritateek diotenaren arabera, dozena bat urtez egon liteke kartzelan, eta dena egoera larrian dauden pertsonak salba-tzeagatik. Egun hauetan erabakiko dute burugabeek espetxeratuko duten, ala libre utziko duten (libre geratuko da, bai!). Seguruenik, horrek guztiak Mediterraneoko hilerrian gertatzen ari denaren gaineko kalapita sortuko du Europa osoan, eta hain pasibo jokatu duten gobernuak mugitu beharko dira.

Carola Rackete kapitaina bezalako pertsonengatik ez balitz, zer litzateke mundu absurdo honetaz.