enrique Maiak, Iruñeko alkateak, segurtasuna bermatuko duen Sanfermin jaien kudeaketa aldarrikatzea du xede, dirudienez. Txupinazo egunean tamaina handiko ikurrinak eramatea, erakustea edo erabiltzea debekatu du. Imajinatu oihal handiek sua hartzen dutela. Edo azpian gelditzen diren gazte gaixoak arnasarik gabe gelditu eta ito egiten direla. Edo are okerrago, aireratuko diren ikurrin horiek komeni ez diren koloreak erabiltzen dituztela eta daltonikoak mezuren batek zer esan nahi duen konprenitu gabe gelditzen direla. Edozer. Edozer gerta liteke.

Hobe, beraz, segurtasuna estakuru, debekua abian jartzea. XXI. mendean aski barneratuta, askatasunen berme beharko lukeen demokraziaren enegarren urtean, eta hara: bando bidezko debekua hiriburu aurrerakoi bateko alkatearen ahotan. Ez da ez duela ikurrina maite. Hori azkena litzateke.

Kontua da debekuak beti dakarrela askatasuna aldarrikatzeko halako behar konteniezin bat; delako aginduari idatzi edo esan gabe gelditu denaren gainetik erantzuteko aukera irekitze bat; debekuaren arrazoiari berari zingurin egiteko premia bizia?

Suposatzen dut eraman daitezkeela txupinazoaren unea kolorez alda dezaketen ikurrin txikiak, adierazpen eta kolore askotarikoak jasotzen dituzten kamisetak, eskutik eskura bidaiatu dezaketen puxikak, plaza nagusiko eraikinetan behera bertikalean zabaldu daitezkeen oihal erraldoiak, edo parapentean plazaren zerua zeharkatu lezaketen parapentelariak? ez dakit, uste dut alkatearen debekuak ez duela oso gogorra izan nahi izan eta adierazpen askatasunari ate bat baino gehiago utzi dizkiola irekita. Alkatearen profila ezagututa, propio egindako zerbait, seguruenera.

Jaiak, oroz gain, herri bateko biztanleen elkarretaratzea eta ospakizuna dira. Herri horrek edo biztanleek izate bat dute, anitza kasu honetan. Eta eskubide osoa dute beren izatearen berri emateko eta izate horretatik ospakizun oroz gozatzeko. Askatasunez eta errespetuz, direna agertzeko. Beraz, sormenari leiho. Argi dago debekuak zer dioen.