GAUR bezalako egun batean, 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrong astronautak Ilargiko lurreko hautsa zapaldu zuen. Gizakiaren-tzat urrats txikia da, baina gizateriarentzat urrats handia esaldi famatua bertan esan omen zuen, Lurraren satelite borobilaren azaletik grabitatetik gabeko paseo txikia burutu baino lehen.

Neil Armstrong eta Buzz Aldrin Lasaitasunaren Itsasotik ibili ziren, AEBtako bandera lur horretan sartu, eta harriak eta mineralak batu zituzten. Armstrongek soinean zeraman bideo-kamerarekin irudiak igorri zituen, espazio misioetarako propio eginiko trajeak 25 kiloko pisua zuen arren. Saltoka ibiltzen ziren, matxinsaltoak balira legez, eta beren hitzetan, bakea eta lasaitasuna senti-tzen zen. Hantxe omen daude oraindik beren urratsak, hautsean inprimaturik, betiko, eternitateak ez baititu ezabatuko.

Ia hiru orduz aritu ziren harat honat, planeta hartako paisaiek txunditurik. Gero, inolako arazorik gabe, berriz espazio-ontzian sartu, eta etxeranzko bidea hartu zuten. Apolo 11 misioa arrakastatsua izan zen.

Gaur egun, gizakiak Marte planeta gorrian ditu begiak iltzaturik, eta Ilargian eginiko espedizioaren moduko beste bat Marten borobiltzeko ahaleginetan tematuta dago.

Espazioaren mugak gainditu eta bestelako unibertsoak topatzeko grina berezkoa du gizakiak, baina beste planeten xerka ibiltzearekin batera, daukagun bakarra jagoteko senperrenak egin beharko genituzkeelakoan nago. Geurea suntsitzen eta gaixotzen ari gara, eta inolako eskrupulurik gabe, kutsatzen eta zikintzen dugu. Bizia ematen digun planetaren kontrako guda isila hedatu dugu, eta ez gara jabetzen, baina hori gabe gure bizitza, akabo!

Beste espazio batzuk bilatzen ditugu beti, baina geure etxea eta bertako lagunak ez ditugu defendi-tzen. Gaur ere Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da. Horiexek ere bidaia beldurgarriak egiten dituzte bizimodu berriak topatzeko xedez, eta indarkeria eta bidegabekeriak pairatu behar dituzte.

Ez dakit berton ditugun arazoei jaramon egin barik, oraindik ilargian ote gauden.