ikasturte bukaeran urte bukaerako jaialdia antolatzen da. Bertan, urtean zehar ikasitakoa erakustea da xede. Guraso eta lagunen aurrean egiten da, giro gozoan. Eta hunkigarria izan ohi da. Umeak, gazteak, txiki-txikiak zirenetik ikusi izan baitituzu, urtero, beren aletxoa eskaintzen. Hazten. Aldatzen. Bizitza legez.

Batzuek ikasgelako mailaren arabera parte hartzen dute. Beste batzuek, lehiaketetan parte hartzeko sortutako taldean, eta beste zenbaitzuk, bakarka. Badira hiru modalitateetan parte hartzen dutenak ere: bai ikasgelakoan, bai taldekoan, bai bakarkakoan. Urtean zehar egindako lanaren arabera. Adinaren arabera, nagusiki. Zenbat eta nagusiago, aukera gehiago. Erakustaldiaren bukaeran, partehartzaile guztiei domina bana banatzen zaie eta esker oneko loreak ere banatu ohi dira, ume eta gazte horiengan guztiengan lan egindako irakasleei, adibidez.

Aurtengoan, ostera, aldatu egin da erakustaldiaren formula. Laburtu egin da jaialdia. Eta domina partehartzaileei, bakoitzak bere ekitaldia burutu ahala banatu zaie. Lorerik ez bukaeran. Aldaketaren arrazoia, jaialdiaren ondoren beste ekitaldi bat programatu izana. Eta horrekin batera, txikienentzako jaialdi osoa luzeegia ez ote zen.

Zer pentsatua eman dit bigarren arrazoiak. Txikiek handiengandik ikasten zutelakoan geunden. Handien pausoak nola jarraituko dituzten ikustea irakaspen ona delakoan. Zain egotea eta besteen txanda errespetatzea ikasi beharreko jokabideak direla sinistuta.

Mundu honetara ez garela sufritzera etorri esaten zidan lagun batek, “gezurra badirudi ere, ez eta euskaldunok ere”. Zer da ba sufrimendua? galdetzen dut, Miren Agur Meabek maitasunaz galdetzen zuen bezala. Bere liburuan bada sufrimenduaz gehiago aurkitu duenik maitasunaz baino. Maitasunera iristeko bideaz. Usteez. Sentimenduez. Ikasteaz. Ulertzeaz. Elikatzeaz. Aurkitzeaz? edo beste hitz batzuetan esanda, norbere burua ezagutzeaz eta onartzeaz.

Ez da preziso sufritzea baina bizitzako aldiri guztietan da garrantzitsua norbere buruaren mugak, egin beharreko bidea eta besteek egindako lana errekonozitzea.