iNGELESEK futbola asmatu zuten, hamaika hamaikaren kontra aritzen dira lehian eta irabazlea Alemania da beti. Gary Lineker futbolari ohiaren esaldi ospetsuarekin egin dut topo gaur goizean egunkarietan hauteskundeen emaitzen atzean etsita nenbilen bitartean (interneteko bilatzaileen nahiak, jainkoenak bezalakoak, ezin asmatuzkoak dira batzuetan), eta bat-batean epifania moduko bat sentitu dut eta esaldian hauteskundeen analisi lauso bat, baina gero eta argiagoa, sumatu: hauteskundeak greziarrek asmatu zuten... baina, egia esan, greziarrek zozketak nahiago zituzten, orduan... hauteskundeak erromatarrek asmatu zituzten (komizioak eta kontu haiek, eleberri historikoetan bezala zehaztasuna malgua izan daiteke), hamaika... ez dakit nola konpondu hamaikaren arazoa, pasa den igandean mahaietan Europako Parlamenturako hamaika zerrenda bazeuden ere (kostatu zitzaidan nik aukeratu nahi nuena aurkitzea)... hamaika hautagai daude lehian, adibidez, eta azkena, ai, azkena argia da: irabazlea EAJ da beti. Beraz, komizioak erromatarrek asmatu zituzten, hamaika dira hautagaiak eta irabazlea EAJ da beti.

Badakit hau oso euskalzentrista dela, lagun batek esango lukeen bezala, EAEzentrista, zuzenagoa izateko, baina nonbaitetik hasi behar da. Egongo da Nafarroaz hitz egiteko aukera, tamalez, eta Iparraldekoaz, eta Espainiako Erresumaz, eta PSE-PSN-PSOEz (arras betierekoak ere, jeltzaleen antzera), eta Elkarrekin Podemosi eta Unidas Podemosi buruz, eta gainerako ezkerrez (nire lagun batek zelulen banaketa etengabea erakusten zuten eskolako bideo haiek ditu gogoan beti Espainiako ezkerra hizpide denean), eta eskuinez, eta eskuin muturrez (desolazio hitza egokiegia da askotan).

Irakurri dut Gary Linekerrek, ez dakit zer txapelketaren ondoren, aldatu zuela bere aforismoa: “Futbola joko erraza da. Hogeita bi gizon baloi baten atzetik dabiltza 90 minutuz, eta bukaeran alemaniarrek ez dute beti irabazten”. Aldaketak egiten hasi naiz berehala, gizonekin batera emakumeak sartu beharko lirateke... baina, barkatu, bukatu zait hemen dudan espazioa. Segi zuek.