ARgi dago mundua uste duguna baino zabalagoa dena. Kontinentetako luze-laburrak deskubriturik dauden arren, badira toki batzuk, exotikoegiak direnak, gaur egungo giza-espezie krudelaren atzaparretatik urrun daudenak. Oihanetako bihotzean, ikusi gabeko animaliak biziko dira; orografia ezezagunaren mendikateetako harpeetan, intsektu berriak izango dira; desertuetako labeetan bakteria indartsuek bizirauten dute, eta abar. Planetaren mugak ez dakigu non dauden, zehatz-mehatz.

Gugandik hurbilago bizi diren beste animalia asko desagertzeko arrisku bizian daude, eta geuk ez dugu ezer egingo hori ekiditeko. Gurekin harreman zuzenik ez duen arazoa dela sinetsita gaude. Bada, ez. Gaur egun dugun kezka nagusia izan behar du horrek, unibertso honetan egokitu zaigun epealdia sarraskitu nahi ez badugu. Izan ere, geure eraginez munduan gertatzen ari den triskantzak ez du parekorik.

Maiz albiste beldurgarriak entzuten dira horren gainean. Azkena duela gutxi irakurri dut nik. Ozeano Bareko Marianetako fosan, ezagutzen den fosarik sakonenean, esploratzaile bat hamaika kilometrotara jaitsi da batiskafo batez. Badirudi sakonerarik handieneko urperaldia dela errekor hori. Beti uste izan da, biodibertsitaterik gabeko eremuak direla sakoneko desertu horiek, baina argi dago bizitzak edozein tokitan izateko eskubidea duela, inolako baimenik gabe.

Beherantz modu bertikalean jaisteko bidaia horretan lau ordu eman zituen, eta bertako zorura heltzean, bere begien aurrean inoiz ikusi ez den ekosistema bat agertu zen. Itsas- espezie aniztasun handia ikustearekin batera, esploratzaileak beste zerbait ikustatu zuen gure hirietatik hamaika kilometrotara dagoen fosa horretan: plastikoa.

Makina bat tona zabor jaurtiki egiten dugu itsasora urtero, eta magia balitz bezala desagertu egiten direlako ustea izaten dugu. Orain badakigu non dagoen gure asta-kirtenkeriaren ondorio latza. Gizakiaren kutsaduraren inpaktuaren bolumenaz ez gara oraindik jabetu.

Fosa horietan ez litzateke gure erabateko ergeltasuna kabituko.