ATXAGAK aste buruan eskainitako elkarrizketa batean aditzera eman du euskalduna izateak lanbide extra bat izatea suposatzen duela. Gauza anitz uler daitezke adierazpenaren baitan; euskaldun izatea zer den azaltzen ibili beharra, une oro itzulpenak egiten aritzea edo eta, besteak beste, euskararen alde egiteko eskatzen dizkizuten gain lan horiek guztiak egin beharra: manifestu bat leku baterako, hitzaldi bat besterako, iritzia ematea halakoan, euskararen aldeko edozein ekimenenetan antolatzaile lanetan ibiltzea? zenbat eta zenbat isileko lan erakunde eta elkarte askotarikoei laguntzen, beraiek ere, euskara sustatze aldera egiten duten lan eskergari lagundu asmoz? zenbat halako lan, zenbat halako ahalegin, zenbat izerdi, tipi-tapa aurrera egiteko.

Gero, jakiten duzu Letizia erreginari Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak saria eman diola genero indarkeriaren aurka erakutsitako konpromisoagatik eta biktimei agertutako babesagatik. Zenbat kolektibo, zenbat erakunde, zenbat norbanako daude urteetan lanean, isilean, zenbat ardura etxera eramanez, genero indarkeria jasaten duten emakumeen familiak aurrera ateratzeko euren etxeetako ateak irekiz? eta buru-belarri horretara dedikatuta daudenak zein Atxagak zioen bezala, extra lana egiten duten milaka pertsona bizi ditugu inguruan genero indarkeriari aurre eginez eta biktimei lagunduz.

Pertsona horiei guztiei esaiezu badela beste pertsona bat, erregina kasu, beraiek bezain isilean ibili dena lanean eta hari saria ematea erabaki dutela. Sarean erreginaz datozen azken albisteak begiratzen badituzu, azken sari banaketan eraman zuen soineko dotoreaz ari direla konturatuko zara, edo nola doan munduko erreginen artean moda joera zehazten.

Letizia erreginak ez dakit isileko zenbat lan egin duen genero indarkeriaren kontra, ez eta zenbat biktima jaso dituen bere etxean ere (ez zaizkit ezagunak), baina badakit XXI. mendeko emakumeak ez duela erreferente gisa ikusten, ez baititu gaur egungo emakume askearen balioak inondik ere ordezkatzen.