GURE arteko mendekotasuna onartzea, guztion artean sare bat osatzen dugula kontuan hartzea eta batak bestea behar dugula sinistuta erabakiak hartzea. Agian ez dago beste modurik mundu honen norabidea aldatuz geure buruak salbatzeko. Gure bizitzak besteen bizitzetan eraginik ez balu bezala bizitzeak suizidio pertsonal eta kolektibo batera garamatza. Baina ez da erraza mendekoak garela onartzea mendekotasuna ahultasunaren sinonimotzat bakarrik jotzen duen gizarte batean; zain-tzaren beharra gure akats bat bezala ikusten duen gizarte batean; dena indibidualki egiteko gaitasuna daukagula sinestarazi nahi digun eta laguntza eska-tzeko baimenik ematen ez digun sistema batean; aurrera egiteko beste baten burua zapalduz bakarrik egin dezakegula erakusten digun sistema batean.

Bakoitzaren bizitzaren hogeitalau ordu hartu. Begiratu ditzagun zerutik, txori batek egingo luken modura. Ematen dugun pauso bakoitzeko beste baten beharrean gaude. Norbaitek oratu eta laberatu du gosarian hartzen dudan ogia; norbaitek garbitu du korrika igaro dudan etxeko ataria; norbaitek diseinatu ditu zapaltzen ditudan kaleak; norbaitek programatu ditu semaforoak kalean kaosik sor ez dadin; norbaitek zaintzen ditu nire mendeko diren pertsonak nik zaindu ezin ditudanean; norbaitek zain-tzen nau gaixorik nagoenean; norbaitek egiten du bazkaria; norbaitek dakartza egunero barazki freskoak erosketak egiten ditudan postura; nahastu gabe ordaindu ahal diot norbaitek erakutsi zidalako inoiz zenbatzen; hau idatzi dezaket norbaitek erakutsi zidalako idazten; norbaitek eskaintzen dit egunero behar dudan edertasun dosia emozionatzen nauen liburu, margo edo pelikula baten bitartez; norbaitek ematen dit besarkada kontsolamendua behar dudanean?

Guztiz mendekoak gara. Batak bestea behar dugu. Eta hori ez da ahuldadea, gure indarra baizik. Nik behar zaitut eta zuk behar nauzu. Hori onartzea gizarte modura elkarrekin ezer eraiki-tzeko geratzen zaigun bide bakarra da.