ZER bozkatuko dugu bihar? Ondoko berri honek erakusten duen botere tartea: “Gorenak bankuen alde egin du, hipoteken zergaren zama bezeroei ezarrita. Bankak irabazi du. Finan-tza erakundeen interesen alde egin zuten atzo Espainiako Auzitegi Goreneko osoko bilkurako hamabost epailek, eta bezeroen alde hamahiruk. Emaitza estua bi egunez egindako bilera maratoiaren ostean, baina emaitza argia: Gorenak bertan behera utzi du Gorenak berak duela bi aste ebatzi eta martxan jarritako doktrina, eta erabaki du bezeroek ordaindu behar dutela hipoteken zerga, eta ez bankuek”. (Berria, 2018ko azaroak 7. Jon Fernandez).

Bihar ez dugu bozkatuko norainoko boterea izango duten hemendik aurrera Ibex 35 edo familia handiek (Botin, March, Prisa...) baizik haiek proposaturiko hautagaien artetik zeinek goberna dezakeen botere judiziala eta legegileak demokraziaren itxurak beteta. Ez naiz esaten ari gure bozek ez dutenik balio, baizik eta demokrazia botere ekonomikoek bahiturik dagoela. Alberto Garzonek ederki azaltzen du: “Kontua ez da egitate ekonomikoa den egitate erabaki bakarra. Kontua da ohartzea koiunturaren analisia egitura ekonomikoaren baitan dagoela, eta egitura horren baitan alderdi ekonomikoa eta beste alderdi ba-tzuen elkarreragina gertatzen dela”.

Hartara, zenbakiek ematen badute PSOEk eta Ciudadanosek gobernatuko dute Riverak esaten duena esaten duela. Gauzak bere horretan jarraitzeko modua da; eta ez da demagun PSOE, gehi Podemos gehi PNVren noizean behingo laguntzarekin gauzak aldatuko zirenik, ez, bakarrik hesi pixka bat paratuko li-tzaiekeela botere ekonomikoei, edo, hori egiteko amagoa egingo litzatekeela.

Alegia botere ekonomikoek bere boterearen kuota mantendu ondoren gelditzen den boterearen kudeaketa bozkatuko dugu, ez gehiago, berriz ere diot.

Horretaz oharturik, protesta botoa emango du hainbat jendek Vox bozkatuta, batzuk-batzuk Abascalen mezua sinetsita, alegia, inperioaren ezinezko berpizkundeak salbatuko dituelakoan; beste batzuk, establismena izorratzeko gogoz besterik gabe. Dena aldatu ezer ez aldatzeko dio lelo lampedustarrak; oraingoan ez eta hori ere, ezer ez aldatu ezer ez aldatzeko.