ADINEKO emakumea da, auzokoa. Bakarrik bizi izan da duela gutxira arte. Orain gutxira arte etxe alboko dendan ikusi zenezakeen goizero erosketak egiten, edo bere ataritik irteten zaborren poltsa eskuetan, edo eguerdi aldean, eguzkiak jotzen duen ordu horietan, paseo bat ematera irteten arropa erosoekin jantzita. Azken urtean, hasieran makulu batekin irteten hasi zen, eta handik gutxira gurpileko taka-taka batekin. Urte bakarrean asko egin zuen behera. Honela, gaur, ez da bakarrik irteten. Zaintzaile bat kontratatu diote seme-alabek, nahiz eta berak behin eta berriz esan ez duela inor behar, konpontzen dela bakarrik.

Duela astebete zaintzailearekin eztabaidan ikusi nuen, kalean. Zaintzaileak ez zion utzi nahi dendara ogia erostera bera bakarrik sartzen, bere besoari heldu gabe. Zaintzaileak esaten zion makulu edo taka-taka gabe, jausteko arriskua zuela. Berak ezetz eta ezetz, ogia hartzea besterik ez zuela egingo eta kontuz joango zela. Baina zaintzaileak, nork ordaintzen dion eta zertarako ordaintzen dioten ahaztu gabe, besotik heldu zion derrigor, indarka, eta dendatik irtetean emakumeak zuen begirada ikusita, argi zegoen bere harrotasunean zauri handi bat egin ziola egoerak.

Atzo, berriz ikusi nituen ogia erosten duten dendaren parean. Hara zihoazen, baina sartu baino lehen zaintzaileari telefonoz deitu zion norbaitek eta emakumearen besoa askatu zuen une batez erantzuteko. Emakumeak une hori baliatu zuen zaintzaileari erakusteko bera joan zitekeela, nola ez, bakarrik dendara. Eta han abiatu zen, zaintzailearen nahastea aprobetxatuz, denda barrura, bera bakarrik. Baina sartu baino lehen oreka galdu eta lurrera jausi zen. Korrika joan nintzen lagun-tzera, zaintzaileak ere telefonoa utzi zuen lagundu ahal izateko. Lurrean zegoela, zaintzaileak min hartu zuen galdetu zion. Emakumeak ez zion erantzun. Zaintzailea bila hasi zen buruan, besoetan, belaunetan? Zauri larri edo kolpe baten bila. Baina leku okerrean ari zen bila. Emakume haren min handiena begirada sakon eta umelean zegoen.