EHUNKA, edo milaka esango nuke, dira Pariseko Gran Palais des Beaux-Arts glamourosotik izena hartu duten kafetegi edo ostatuak munduan zehar, gazteleratzean Palas-ekin geratu direnak. Hainbatek Izango du zerikusirik gaurko zirrikutura dakarten ardandegiak izenak ere, jabeak nabarmen dakien arren harenak aurrez aurreko etxe baten egon zenetik jaso duela izen harroputz hori. Izan ere, bodeguilla zegoen eraikina suak hartu zuen 1949. urtean, teilatu eta etxebizita batzuk erabat kiskali zituen baina behean zegoen lonjan lanean eta ardoa saltzen jarraitu zuten, “eguneroko bezero guzti haiek egarriz ez uztearren”. Euria zen bakoitzean itoginak ez ezik ia errekak jasaten zituen eta hortik jarri zioten Beirazko Jauregia izena (Palacio de Cristal) laburbilduz Palas, gaur dagoen tokian kokatu zuenean, 1950.eko Urteberri inguruan.

Ondotxo gogoratzen dut 1960.eko hamarkadan, mukizu izan arren, ezagutu nuenean bezeroen leku erdi erdian Karlos bokata egileak mahai baten hegaluze pote handi baten olio botilakadak botatzen zituen ugaritzeko eta handik ehunka bokata edo bokata-erdiak saltzen zituenean, zutik zuenden upelen gaiean, salmahaian jasotako ardogorriko porroi batez lagundurik goizerdia alaituz. Mende erditik gora neronek ezagutu nuenetik eta, upelez landa, ia berean jarraitzen du egun. Luis eta Antonio ziran orduko jabe eta langile eta haren iloba Klaudio, gero laguna egin nuen. Beste iloba bat, Ione, eta haren ahizpa Marian-ek kudeatzen dute orain eta hor mantentzen dituzte porroi, bokata eta enparauak eta, batez ere, ahizpa horiek hain harro sentitzen diren mota ainitzko bezeroak.

Hauek direlako, eta ia pintura esku bat jaso ez duen lonja, ostatu honek bereizgarriak. Deustuko Unibertsitatean ikasi eta orain ministro direnak, portuko urpekariak, inguruetako profesional nahiz ikasle edota izenik aipatu nahi ez duten komisario famaturen bat izan dira, gaur egun bizirik iraunez gain, garai bateko lagun progreekin bat egiteko tokia izaten, Ionek esan eta neronek berresten dudanez.