Oso labainak izaten dira denbora askoren buruan berriz elkarrizketatzen zaituzten galdegileak. Izan ere, badira hogei bat urte lehenago egindako galderak errepikatzeko zaletasuna dutenak, eta aurreko aldian emandako erantzun berbera eman ezean, edozein garai eta egoeratan dela ere, zepoan harrapatu zaituztela uste izaten dute. Denborak eta bizipenek, talkek eta igurtziek, garaipenek eta porrotek, aldatu egiten gaituzte. Gakoa, garaiak garai, aldaketak aldaketa, bidelagunak bidelagun, nor izaten jarraitzean datza.

Badira norberari ezkontidearen arabera kontu hartzeko joera gaiztoa dutenak. Duela aste batzuk egokitu zitzaidan. Neure lankide eta lagun kazetari batek euskal politikari baten emazteari galdera arras makurra egin zion, senarraren adierazpen batzuez kargu hartuz. Elkarrizketaren ondoren, negar malkotan ito zuen bere ondoeza: “Noiz arraio ikasi behar dute nik ez dudala neure ekintzez besterik erantzuten, ni neu naizela, ez inoren emaztea?”

Paloma Zorrillak, ultraeskuineko joerarik sekula disimulatu ez duen abokatu nafarrak, Vox alderdia uztea erabaki du. Senarraren jabetzako klinikan abortuak egiten dituztelako espediente bat jarri diotela ikusi ondoren hartu du erabakia: “Lotsagarria da. Hirugarren munduko diktadura bat irudi-tzen zait, sekta baten pare, inkisizioa pizten ari dira. Vox iruzur hutsa da, ez dute pentsatzen emakume batek norbere pentsakera izan dezakeenik. Pertsona eta emakume gisa umiliatu egin naute. Andere batek, ezkontzen den unetik, senarrak bezala pentsatu behar duela uste dute inolaz ere”.

Duintasunaren eta askatasunaren aurkako erabakia da, zalantzarik gabe, Vox alderdiak Zorrilla anderearen aurka hartutakoa, baina, finean, emakumeen duintasunari eta gizakien askatasunari bizkar ematen dion alderdi batena. Baina biktima bera izan den arte ez dio minik eman.