Ustiapen eredu guztiak ez dira berdinak, ustiategi bakoitzaren tamaina gorabehera. Gainera, pentsatzekoa da sasoi batetik hona asko aldatu dela sektorea, tartean, askotariko arau eta betebeharrak ezarri zaizkiolako... Eztabaidak, baina, areago joan beharko luke, nire ustez. Sasoi batetik honako alderaketa egingo bagenu, ohartuko gara gero eta ustiapen gutxiago daudela lehenengo sektorean. Alde batetik, kalitate eskasagoko eta prezio merkeagoak dituzten produktuekin lehiatzeko modurik izan ez dutelako. Beste aldetik, hainbatetan ekoitzitakoaren truke jasotako ordainarekin sorrarazitako gastuak berdin-tzeko modurik izan ez dutelako. Azkenik, gero eta eskakizun gehiago ezarri direlako, finean, produktuen prezioan eragiten dutenak eta berreskura ezin daitezkeenak... Argi dago, beraz, gero eta zailagoa dela baserritik eta ustiategi txikietatik bizitzea. Horrek zeharo aldarazi du lehenengo sektorearen oraina eta etorkizuna, bai eta landa-eremuen egoera ere.

Eta jaten segitzen dugu... etxeetan, jatetxeetan, eskola eta ikastoletan, askotariko egoitzetan! Zein da elikaduraren alorrean dugun balantzea? Egun, Euskal Herrian daukagun porturik handiena Forondan dago, bertatik hornitzen direla penintsulako -tartean, Hego Euskal Herriko- arrandegi eta jatetxe ugari... Eta bien bitartean, mugak ezartzen zaizkie arrantzaleei, ezinbestean ezarri ere, arran-tzak segituko badu gure kostaldean... Baina beste lur-eremu batzuetan ez dago mugarik ez eta gorde beharreko eten biologikorik ere. Haragi kontuez ari garela, beste horrenbeste. Zein da platerera ekartzen dugun haragiaren jatorria? Eta barazki eta frutez ari garenean? Elikadura kontuetan ere gero eta mendekoagoak gara beste lurralde batzuetatik ekartzen diren ekoizkinekiko, gehien-gehienak haztegi eta lursail handietan ereindakoak edo hazitakoak, ustiapen txikiek ez baitute jauzi hori egiteko ez bokaziorik, ezta baliabiderik ere.

Izurriteak erakutsi digu zein garrantzitsua den industrian eta bestelako eremuetan gutxieneko azpiegiturak eskura izatea, besteren artean, aldian sor daitezkeen zailtasunei aurre egiteko aukerak izan ditzagun. Elikaduraren alorrean, ez ote genuke beste horrenbeste egin behar? Eredua eraldatzeko ahaleginekin batera, lehenengo sektorea berrindartzeko eta ahalduntzeko plan estrategikoa ez ote genuke egin behar, behar diren inbertsioak, erraztasunak eta laguntzak emanez eta Herri bezala elikaduraren alorrean gutxienekoak segurtatzeko modua izan dezagun?