EHIEGITXOETAN kopuruak hartzen ditugu kontuan jarduera baten arrakastaren neurgailu gisa. Horiek horrela, akorduan daukat bi urterik behin antolatzen zen ekitaldiaren balantzea egiterakoan, aurrekoan izandako parte har-tzaileen kopurua emendatzen genuela, ohartu ginen arte, horrela segituz gero, lehenago edo geroago, biztanle baino parte hartzaile gehiago aterako zirela.

Kopuruei erreparatzen diegu, nahi baino sarriago, buruan hizkuntza eta kultura hegemonikoak dauzkagula. Inguruabar horretan, batzuentzat euskaraz idatzitako eleberri baten mila ale saltzea gutxi da; niretzat, ordea, sekulako arrakasta da, euskarazko hiztun-elkartea, areago irakurleena, txikia da eta. Proportzioan, gaztelaniaz idatzitako eleberri baten zenbat ale saldu beharko lirateke? Atera kontuak! Baina, euskaraz idatzitako eleberri baten mila ale salduta ere ezin bizi gaitezke... gaztelaniaz idatzitako milioi erdi pasatxorekin, ordea, bai! Horrexegatik, kultura eta hizkuntza txikiek aparteko babesa eta laguntza behar dituzte askotariko elkarte eta erakundeen aldetik baldin eta bizi eta garatuko badira!

Diruari eta jende kopuruei erreparatzen diegu sona handiko nazioarteko taldeak-eta gurera ekarri nahi ditugunean. Halakoetan, ia ez dago diru-mugarik eta parrastaka darabilgu ekonomian duten eragina argudiotzat hartuta... Eta gero eta berdinduago azaltzen ari gara munduan barrena, sasoi bateko kolonizazioak bestelako ezaugarriak bilbatu baititu XXI. mende honetan. Bitartean, gu harro antzean, gurea gutxiesten dugula, sortzen ditugun erakundeei ere ingelesezko izen-abizenak jartzen dizkiegula! Ez dakit moda hori herabetuen edo gurea ezagutzen eta balioesten ez dutenen kontua ez ote den! Gure hizkuntza eta kultura txikiak dira, eta onenean ere, txiki izaten segituko dute baldin eta irautea lortzen badute. Ez baitugu geuk gure hizkuntza eta kultura inori inposatzeko aldarterik izan, ez iraganean, ez orainean, ez eta etorkizunean ere... Horregatik txiki izan bitez, txiki bezain handi!

Nazioartean, harriduraz har-tzen dute kanpoko kultur adierazpenak gurera ekartzeko, halakoetan zenbat gura diru gastatzeko, erakusten dugun eginahala. Beharbada, pentsatu beharko genuke geure txikitasunetik egin dezakegun ekarpena are gehiago aintzat hartuko dela, gurea baita eta guretik aberastu dezakegulako munduko hizkuntzen eta kulturen baratza... Bai, nago ziaboga eman behar diogula kulturei eta hizkuntzei buruz daukagun ikusmirari, azpiegiturak sor-tzen ditugunean, jarduerak antolatzen ditugunean, dauzkagun baliabideak inbertitu behar ditugunean, gizarte zaharrak berritzeko ehunak sustatu eta sorrarazi behar ditugunean.