Edozein modutara, orain beste egoera bat kudeatu behar izango da. Horrek ez du esan nahi izurritearen kontuak desagertu direnik, ezpada, birusa zelatan dugula aurrera egiten segitu beharko dugula, gauzak tentuz eginez eta adi egonez... Baina duela urtebete geneukan egoerarekin alderatuz gero, egoera guztiz bestelakoa da, besteak beste, txertatze-kanpaina bikain baten eta inor atzean ez uzteko egin den ahalegin publikoaren ondorioz.

Irekitzen den aldi berrian, herri-erakundeek erronka esanguratsuak dituzte begiz jota: zerbitzu publikoak indartzea, bereziki, gizartearen kohesioa bilatzea ardatz dutenak; ekonomiaren susperraldian eragitea bilatzen dutenak, indartzeko eta eredu jasangarri baten aldeko trantsizioa ahalbide-tzeko; jaiotze-tasaren jaitsierari aurre egiteko politiketan sakontzea helburu dutenak, gure gizarteak geroa eta garapena izan ditzan; hezkuntza bezalako gaietan sakontzea xedetzat dutenak, duela hamarkada batzuetako adostasunak gaurkotuz eta erronka berriei erantzuteko moduan jarriz eta abar.

Inguruabar horretan badago kontu bat gutxitan aipatzen eta agenda politikoan jasotzea behar-beharrekoa dena: lurraldearen kohesioaren aldeko politiketan sakontzea, hain zuzen. Izan ere, gure lurraldea era asimetrikoan garatzen ari da: hiriko eremuak lehenetsi dira; landa-eremuak, berriz, bigarren mailan laga dira. Horrela, landa-eremuak zerbi-tzuak galtzen, biztanleria zahartzen, lehen sektorea ahultzen eta azpiegiturak plangintzetatik kanpo geratzen ari dira. Hori dela eta, komeni da jokabide hori zuzentzen saia-tzea, eskumena duten erakundeen artean ahaleginak uztartuz eta tokian tokiko erakundeekiko lankidetza estuan jardunez. Oraindik sasoiz gabiltza, baina denbora gero eta laburragoa daukagu errealitate horri ganoraz erantzungo badiogu.