Izurritearen bilakaera ikusita, gazteei txertoa jartzea premia larrikoa bihurtu da. Norbaitek esan lezake horren ondorioz, horietako hainbat kale-edanean segi dezaten sustatzen ari garela. Nago guztiok hausnartu beharko genukeela, familietatik hasita, txertoa jasoko baitute munduan horretarako aukerarik ez duten pertsonak ugariak direnean eta, txertoaren faltan, bizitza galtzeko kinka larrian egon daitezkeenean. Baina, halaxe egin beharra daukagu gazteak ez eze haien senideak babesteko eta izurritearen kontrola zaildu dezaketen aldagai berriei oztopoak jartzeko. Segi-tzen dut pentsatzen guztiz egoskor jokatzen ari garen honetan, hurkoa ahaztu zaigun honetan, zorionekoak garela.

Aurreko astean polemika piztu da Espainian okelaren kontsumoa murrizteko esandakoen harira. 2019. urtean, munduan, 650 miloi pertsona goseak ibili ziren. 2020. urtearen bukaeran, 720-811 miloi pertsonak ez zekiten loalditik esnatzerakoan jateko zerbait izango ote zuten... Munduko Nazio Batuen Erakundearen enkarguz idatzitako txostenean jasotako kopuruak dira, eta kopuru hotz horiei tamaina hartzeko, pentsa dezagun errealitate horrek Europako eta Errusiako biztanleria oso-osorik hartu eta gainditzen duela, eta urte bakarrean 118 miloi pertsona gehiago irentsi dituela... Bai, gu zorionekoak gara, kezka hori horren zabalduta ez daukagulako, nahiz eta gosea eta zailtasunak pairatzen ari diren pertsonak ondoan eta, hainbatetan ikusezin, dauzkagun!

Jakiak kontserbatzeko eta garraiatzeko dauden arazoengatik edo etekin handiagoak ateratzeko asmoz, merkatu jakin batzuk lehenesteko dagoen joeragatik, munduan ekoizten diren elikagaien %40 galtzen da alferrik. Dinamika horiei galga jarriz gero, tokian tokiko ustiategiak, hurrekoak, eragingarriak, ingurumenarekiko sentiberak sustatuz gero, komunitateak ahaldunduz gero, ikaragarri murriztuko litzateke gosearen izurritea... Kontua da gure zoriontasunak, partez, beste batzuen gabeziak dauzkala zimentarri eta ez diogula lagun hurkoari begiratzen, are gutxiago, urrunean bizi bada, gure zilborrari baizik, egunero kolpa-tzen gaituen izurritean gertatu bezala.