Politikak herritarren arazoak bideratzeko, ongizate estatuan sakontzeko, herritarren eskubideak zabaltzeko eta etorkizunari buruz daudekeen nahiak bidera-tzeko tresna eragingarri izan behar baldin badu, ez da halako konturik ikusi igaro berri den kanpainan, ernegazioa, irainak, izen-lohitzeak, gezurrak eta informazio interesatua zabaldu baita nonahi eta nolanahi. Politika eta politikariak irtenbideak proposa-tzeko baino, arazoen sortzaile eta bultzatzaile bilakatzen ari dira, gero eta nabariago, bizikidetza pi-tzatuz eta herritarren arteko aurkakotasuna elikatuz.

Ikusi besterik ez dago Espainiako Kongresuan eta beste toki batzuetan aldi batetik hona sumatzen den giroa, batzuen eta besteen txalo-zaparraden artean esaten direnak. Zirkua halakoa! Desberdin pentsatzen dutenak azpian hartzea, desegitea eta desagerraraztea beste helbururik ez duena... eta aldats behera irristatzen hasita, ez da aldaparen amaiera ikusten. Norbaitek uste baldin badu izurrite bati aurre egin dakiokeela erantzukizunei izkina eginez, ezinbestez hartu beharreko neurriak etengabe kritikatuz edota pairatzen ari garen krisi ekonomikoa etorri bezala desagertuko dela haizatuz, oso oker dago. Izurritearen olatuek, krisi ekonomiko eta sozial latza dakarte eta hobe dugu horri aurre egiteko lanean jardun, bestelakoetan indarrik galdu gabe.

Lankidetza aipatzen dute euren interesei begira besterik ez dauden alderdiek; ororen gainetik, langile askoren ahaleginaren bizkar, beren estatusari eutsi nahi dioten sindikalistek; norbanakoek eta abarrek... eta egoskorkeriaz mintzo gara, hori baita aldi oro ereiten ari garena, izurritea tarteko mentsik izan ez duten enplegatuek are baldintza hobeak izan ditzaten mobilizaziora deitzen eta beste batzuk lanik gabe, galtzeko zorian edo baldintza eskasagoetan ari diren bitartean... Segidan, lana banatzeaz eta aberastasuna birbanatzeaz jardungo dugu, inorena denean, noski, geuk geureari eutsi nahi baitiogu, kosta ahala kosta eutsi ere! Gizarte aurreratu batek ez dauka aurrera egiterik norbanakoa gainerakoen gainean aupa-tzen denean, horrek desparekotasuna eta, ondorioz, gizartea zartatzea dakarrelako!