Herri bakoitzaren historia luzean, badira mementoak, badira gertakizunak, halako harrotasun edo erresumin batez gogorarazten eta belaunaldiz belaunaldi ondorengoetaratzen direnak. Nago, ordea, azken hamarkadetako gertaerak, besteak beste, ehunka pertsonaren heriotza eragin eta milaka familia hondatu dituena ez dela harrotasunez gogorarazteko kontua! Oso arriskutsua da balantza orekatzen saiatzea, indarkeria moten artean bereizketak egiten ahalegintzea, indarkeria guzti-guztiek giza balioak hankapean hartzen dituztelako, pertsonen izaera ezerezera eramanez. Oker dago kontaera edo errelatoen arteko talka iradokitzen duena, kontakizunaren oinarria bat eta bakarra izan behar baitu, oinarri moral eta etiko berberetan ardaztua.

Oinarrizko printzipioak bete-tzeko eta betearazteko obligazioa daukan estatuaren baitatik norbait torturatzeak, jazartzeak eta hiltzeak ez dauka inolako justifikaziorik! Horrela, gertaera horiek, guzti-guztiak behar dira argitu, horiek baimendu, onartu eta finantzatu zituztenei dagozkien erantzukizunak eskatuz... eta, aldi berean, milaka herritar jazarri, hil edo zauritu zituztenek ere behar dituzte haien erantzukizunak oso-osorik hartu, bai politikoak nola pertsonalak ere, ez baita zoro kuadrilla baten kontua izan. Inguruabar horretan, harrigarri suertatzen zait urraketen sostengatzaile sutsuak izan direnek, orain, ezarri nahi duten isiltasuna eta distantzia iragan hurbilean jazotakoen inguruan, haien jardun politikoarekin, haiek harturiko erabakiekin zer ikusirik ez balute bezala.

Oraindik orain badira sektore politikoak desberdin pentsa-tzen dutenekiko herra erakutsi eta edozein estrategia erabiltzea zilegi dela uste dutenak, besteak beste, jazartzea, irain-tzea eta presio egitea baliatzen dutenak... Horrek bide luzea eginkizun dugula iradokitzen du, iragana alfonbrapean ezin dugula ezkutatu aditzera ematen. Horrek eraman behar gaitu, iraganean hainbaten eskubideak urratzen zirenean, non geunden galde-tzera, bai eta zer egiteko prest gauden ere, lagunen artean, familietan, hezkuntzan, elkarte, erakunde eta abarretan, halako izugarrikeriak berriro errepika ez daitezen.